Osasun arrazoiengatik seme gazteenarekin iritsi zen Euskal Herrira Fatma Lahsen (Saharako kanpamentuak, 1978). Eibarren eta Elgoibarren bizi izan zen, baina duela bost urtetik Elgetan bizi da. Momentuz, jaioterrira itzultzeko asmorik ez dauka, Elgetan "oso ondo hartu eta oso gustura" bizi delako.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Txikitatik amestu dut Europara etortzea. Ez nekien nora, baina Europara etortzeko gogoa naukan. Hemen bizimodua errazagoa izango zela iruditzen zitzaidan. 15 urterekin ezkondu nintzen, eta lau seme-alaba ditut.
Noiz eta zergatik etorri zinen?
Osasun arazo asko nituen, eta 2018an etorri nintzen Euskal Herrira, nire semearekin. Hiru alabak han geratu ziren, aitarekin. Bi urtez Eibarren bizi izan nintzen, urtebete Elgoibarren, eta duela bost urtetik Elgetan bizi naiz. Ospitalean eta tratamenduekin egon nintzen luzaroan. Ospitaleko bisatuarekin etorri nintzen. Hiru edo lau ebakuntza egin zizkidaten, baina hobeto nago. Etorri nintzenean semeak bi urte eta erdi zituen, eta hemen hazi da. Hemen ikasi du, ez du itzuli nahi; ni egokitu egin naiz, eta, momentuz, ez itzultzea erabaki dut.
Egokitzea erraza izan da?
Eibarren eta Elgoibarren bizi izan naiz, baina Elgeta gustatzen zait. Hona iritsi nintzenean negar egin nuen. Herria oso-oso txikia zela ikusi nuen, eta ez nuen inor ezagutzen. Semeak kontsolatu ninduen esanez hamar bakarrik egun generamatzala, eta jendea ezagutuko genuela. Eskolan hasi zen, eta ikaskideen gurasoak ezagutu nituen. Egunak igaro ahala, gehiago gustatzen hasi zitzaidan, eta orain, izugarri gustura nago.
Behin baino gehiagotan errepikatu duzu Elgeta oso gustuko duzula, baina zergatik?
Naturagatik, lasaitasunagatik. Jendeagatik ere bai. Elgetar guztiak ezagutzen ditut, eta familia dira. Zerbait ez dakidanean, edozeini galdetu eta lagundu egiten didate. Oso ondo hartu gaituzte semea eta biok. Guztiekin konpontzen gara ondo. Tabernan egiten dut lan, eta horrek ere lagundu dit. Ez daukat inolako asmorik Elgetatik joateko; hemengo bizimodua gustatzen zait.
Europara etortzea zen zure ametsa; zer zenekien Europaz?
Saharako bizimodua oso gogorra da. Ez dago bizimodu onik. Dena harea da, eta haimetan bizi gara. Telebistan ikusi nuen Europako bizimodua. Sahararra ez zen gizon batekin ezkondu nahi nuen, baina nire familiak hango gizon batekin ezkonarazi ninduen.
Ados zeunden ezkontza harekin?
Nik ez nuen nahi, baina han familiak erabakitzen du. Ezkondu nintzenean, bizimodu horretara egokitu nintzen.
"Kanpamentuetako bizitza gogorra da; ez dago ezer. Ez da niri gustatzen zaidan bizimodua"
Bidaia gogorra izan zen?
Hiru alaba utzi nituen han. Nire semea ere negar batean etorri zen. Ez du oroitzapen handirik, baina eskola, lagunak… han zituen.
Ohitu egin zara Elgetan bizitzera?
Bai. Etxebiden etxea eskatu behar nuen, eta hiru herri aukeratu beharrean bakarra hautatu nuen: Elgeta. Gasteizen badut familia, eta haiek esan didate hau herri txikia dela eta semearendako han baliabide gehiago daudela, hiria delako. Nik lasaitasuna nahi dut. Ez zaizkit hiri handiak gustatzen, zaratak, autoak, denda handiak…
Nolakoa da kanpamentuetan bizitzea?
Oso bizitza gogorra da. Ez dago ezer. Ez da niri gustatzen zaidan bizimodua.
Saharar kulturako ohiturak mantentzen dituzu?
Bai; egun batzuetan, melfa janzten dut, eta tea hartu. Henna eman… Saharar askok hemen ere melfa janzten dute, baina niretzat, lanerako, adibidez, ez da erosoa.
Hango festak ospatzen dituzu?
Han ramadana eta Arkumearen Festa egiten dira, eta nik ere mantentzen dut ohitura hemen. Gasteizera joaten naiz familiarengana ,eta han elkartzen gara. Baina hemen, Gabonak eta Errege eguna ere ospatzen ditut elgetarrekin.
Itzuli zara Saharara?
Nire semea udan joaten da Saharara, aitarengana eta arrebengana. Nik nahiago dut hemen geratu, lanean edo atseden hartzen.
Zer igartzen duzu faltan?
Alabak. Zortzi urte daramatzat haiek ikusi barik. Bideo-dei bidez ikusten ditut. Gustatuko litzaidake haiek hona etortzea; saiatu naiz, baina…
Euskaldunak, daukan beste familia
Elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan nabarmendu du Elgeta "oso gustuko" duela, eta azaldu du Elgetan bizitzeko arrazoietako bat euskara dela: "Elgetan bizi naiz baita ere, nire semeak euskara oso ondo ikas dezan. Eibarren eta Elgoibarren kalean euskara oso gutxi hitz egiten da; hemen, %100ean".
Hark oinarrizko hitzak baino ez dakizki euskaraz, baina adierazi du herrian euskara taldea egongo balitz izena emango lukeela: "Izan ere, Bergarara edo Eibarrera euskara ikastera joatea zaila da, lanagatik eta hitzordu asko dauzkadalako". Euskaldunei dagokienez, daukan beste familia dira: "Ezagutzen dituzunean oso jatorrak dira".
Gaztelaniaz, justuan
Euskal Herrira iritsi zenean ez zuen ez euskaraz eta gaztelaniaz ulertzen. Adierazi du Saharan zegoen bitartean frantsesa ikastea erabaki zuela: "Nik frantsesa ikasi nuen. Batzuek gaztelania ikasten dute. Ez dut gaztelaniaz guztiz ondo hitz egiten, baina zerbait hitz egiten dut eta ulertzen dut".