ALBISTEAK

Interesa sortu du Asentzioren etorkizunari buruzko prozesu irekiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko maiatzaren 7a

Udalak deituta, aurreko astean egin zuten lehen batzar irekia Elgetan. Besteak beste, txaletari erabilera ematea eta gunea berrantolatzea daude mahai gainean. Saio irekian jasotako proposamenak antolatu eta ekintza plan bat prestatzen hasteko bigarren saio bat egitea da asmoa.

Lehen saio irekia eginda, martxan da Asentzioren etorkizunari buruz hausnartzeko parte-hartze prozesua. Turismo jasangarrian espezializatutako Bizibiziki aholkularitza zerbitzuko lagunek gidatu zuten saioa, eta aparkalekuarekin, autokarabana-gunearekin, bidearekin eta parrillen gunearekin zer egin izan zuten hausnarketarako gai. 

Hogei bat lagun elkartu ziren eta hiru taldetan banatuta egin zuten lanketa, Asentzioko eremua ere hiru gunetan banatuta. Lehen gunea da sarrera eta aparkalekua, bigarrena txaletaren eta putzuaren ingurua eta hirugarrena ermita dagoen pagadia, non mahaiak eta parrillak dauden. 

Herritarren ekarpenak jasotzea zen Udalaren helburua, eta balorazioa positiboa da. "Oso gustura aritu gara. Angiozartik ere etorri da jendea, eta, egia esan, oso pozik gaude parte hartzearekin eta atera diren ideia guztiekin", azaldu du Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak.

Gero eta kezka handiagoa

Azken boladan Asentzioko aisialdi-gunean erabilera desegokiak antzeman ditu Udalak, eta horiek ugaritzen ari direla adierazi dute. Hain zuzen ere, hori izan da parte-hartze prozesua abian jartzearen arrazoi nagusia. "Kezkatuta gaude, eta herritarrekin partekatu nahi izan dugu kezka hori. Angiozarko bailarak ere bere zeresana dauka kontu honen inguruan, eta etorri dira hainbat lagun. Udalak argi du zerbait egin behar dela Asentzion, esku-hartze bat, eta proposamen asko irten dira saio ireki honetan; asko, berriak guretzat. Ea orain gai garen aurrera egiteko", esan du alkateak. 

Zerbait egin beharra dagoela berretsi du saio irekian parte hartutako Angiozarko alkate Mila Elortzak ere. "Ermita ingurua ikusi besterik ez dago gunea zelan dagoen konturatzeko. Zenbat barrabaskeria, zenbat pintaketa... Jendeak txitxi-burruntziak egiten ditu eta zikin guztiak bertan uzten ditu, autoak edozein lekutan sartzen dituzte... Bai, Asentzion zainketa bat egin beharra dago. Leku oso berezia da, gune natural bat da. Merezi du mantendu, zaindu eta, ahal den heinean, hobetzea". 

Askotariko proposamenak

Askotariko ideiak irten dira lehen saio irekian: autoen putzurainoko sarrera mugatzea; sarrera itxi eta irakurgailu elektroniko batek baimendutako ibilgailuei bakarrik zabaltzea pasabidea; txaleta dagoen inguruan zuhaitzak landatzea; parrillak eta mahaiak ermita ingurutik txaleta dagoen eremura lekualdatzea; Asentziotik Partaitia auzunerainoko ibilbide zirkular bat egitea; lubakien gunea eta balio paisajistikoa indartzea eta abar. Gaur egun itxita dagoen eta Udalaren jabetzakoa den txaletarekin zer egin ere hausnarketarako gai izan zuten saioan. Hauek dira jasotako ideietako batzuk: kantina bat zabaltzea; komunak ipintzea; lo-leku bat prestatzea giltza eskatzen dutenei eskaintzeko; Udalak erostea Intxortako Aterantz dagoen lursaila, bertan mahaiak jartzeko eta espazio hori aparkalekutik, autokarabana-gunetik zein zabor-gunetik ahalik eta gertuen egoteko… "Ideia asko irten dira, eta gehienak oso onak iruditu zaizkigu. Denak aztertuko ditugu. Orain, kontua da ideia zaparrada hori antolatzea eta lurreratzea. Beste bilera batean landuko dugu hori", esan du Unzetabarrenetxeak. 

"Egia da arratsaldea nahiko potente joan dela. Hiru gune identifikatu ditugu eta lan dezente egin dugu. Guk gure iritzia eman dugu. Entzun ere egin dugu elgetarrek ze iritzi duten, eta ez gaude hain urrun. Ikusten dut bide polita markatu dugula", esan du Angiozarko alkate Mila Elortzak. 

Bigarren bileraren zain

Udalak uda aurretik beste saio bat egiteko asmoa du. "Hurrengo pausoa litzateke denen oniritziarekin ekintza-plan bat osatzea. Horretarako, beste saio bat egingo dugu, eta, eguraldi ona bada, Asentzion bertan egingo dugu, eremuan bertan irudikatzeko proposamen bakoitza". 

Puntu batean adostasuna erabatekoa da: espazioa berrantolaketa sakon baten premia dago. Horren harira, zein neurri hartu behar diren, nola hartu eta, batez ere, finantzaketa-iturriak zein izan daitezkeen daude orain lantzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak