Aurrekontuaren beste ezaugarrietako bat da udalbatzan ordezkaritza duten bi alderdi politikoen babesa jaso duela. Hau da, aho batez onartu den aurrekontua da.
"Abenduan zazpi proposamen helarazi genizkion Udal Gobernuari eta uste dugu garrantzitsuenak aurrekontuan sartu direla", azaldu du jeltzaleen bozeramaile Iker Lakak. "Uste dugu bai EH Bildutik bai EAJ-tik egindako ekarpenekin nahiko aurrekontu egokia gelditu dela eta pozik gaude lortutako adostasun mailarekin. Horregatik, aurten, aldeko botoa emango dugu".
Bide konponketak
Inbertsioen ataleko diru-lerrorik handiena –71.000 euro– Urrejalei baserrirako bidea konpontzeko izango da. "Oso hondatuta dago eta bertan bizi diren bi emakumeen aspaldiko eskaera da bidea konpontzeko. Aurten izango da", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Urrejaleikoek 11.000 euro ordainduko dituzte. Gainerakoan, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dituzte lanak.
Hilerri osteko bidea ere asfaltatu egingo du Udalak. Inbertsioetako bigarren diru-partidarik handiena da –70.000 euro–. "Paseo lekua da elgetar askorendako eta euria egiten duenean putzuak sortzen dira eta lokaztu egiten da. Uste dugu lan horiekin irtenbide bat emango diogula egoerari eta bermatuko dugula herritar denendako den pasealeku polit bat", azaldu du alkateak.
San Roke kalean ere lanak egingo ditu Udalak 2026an: irisgarritasun lanetarako 50.000 euroko lerroa onartu du. "Aurretik egindako lanei jarraipena ematea izango da. Elizatik gorako tartean egingo dira irisgarritasun lanak oraingoan, pertsona zaurgarrien mugikortasuna hobetzeko".
Komun publikoa
Herrian komun publikoa egitea ere badago 2026ko egitasmoen artean eta 60.000 euro bideratuko dira proiektu horretara. "Komun publiko baten beharra ikusi dugu herrian. Printzipioz kioskoa dagoen lekuan jartzea da asmoa, baina hainbat aukera aztertzen ari gara", esan du Unzetabarrenetxeak.
Bigarren poligonoko lur sailen digitalizaziorako, udal artxiboaren digitalizaziorako, herrian informazio zein adierazpen libreko panelak jartzeko, eta udaletxea eraberritzeko aurre-proiektua idazteko diru-lerroak ere aurreikusten ditu aurrekontuak.
Kiroldegia eta Asentzio
Kiroldegia handitzeko proiekturako 13.892 euroko diru-lerroa onartu du udalbatzak. Asmoa da azken urteotan udal biltegi funtzioa bete duen gaztetxea bota eta orube horretan gimnasio berri bat eraikitzea. "Aurten aurkeztuko zaizkie landutako proiektuak herritarrei eta asmoa da behin betiko proiektu bat lantzen joatea etorkizunerako prest edukitzeko", esan du alkateak. Hain zuzen ere, Udalak erosita dauka biltegi lanak egingo dituen lokal berria eta hura egokitzera 5.000 euro bideratuko ditu 2026an.
Asentzioren etorkizuna ere bideratu nahi du Udalak: "Kezkatu egiten gaitu gaur egungo Asentzioren egoerak eta nahi dugu parte hartze prozesu baten bitartez herritarrek islatzea zer nahi duten egitea Asentzion". Hala, gaia landu eta herritarren iritzia jasotzea da asmoa.
Auto partekatu bat
Proiektu berritzaileen artean, berriz, auto partekatuaren egitasmoa dago. 7.800 euroko diru-lerroa lotu dio Udalak. "Ixotzen energia berriztagarrien kooperatibarekin egindako lanketa bat da. Ideia da auto elektriko bat jartzea herritarren eskura erabili dezaten", aurreratu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Kepa de Vegaren agurra
Udal aurrekontua aho batez onartu ostean Kepa de Vegaren zinegotzi karguari uko egitearen berri eman zuen alkateak. Arrazoi pertsonalak tarteko laga egingo du kargua eta Ikuska Lizarraldek hartu dio erreleboa. Prozesu administratzaileak tarteko eta gauzak ondo bidean, hurrengo osoko bilkuran hartuko du kargua Lizarraldek. Karguan egindako bi urteetan asko ikasi duela esan zuen agurrean De Vegak eta eskerrak eman zizkien udalbatzan bidelagun izan dituen kargudunei.
