Erakusketa otsailaren 7ra arte egongo da zabalik, aste bukaeratan. Hain zuzen ere, egun horretan esnatuko da hartza eta esnatu bezain pronto irtengo dira kokoak baserriz baserri Inauteriko eske-erronda egitera. Aratusteen molde tradizionala itzuli dute kokoek Elgetara.
Mozorroen Inauteria
Bi Inauteri eredu nagusi daude: disfrazaren Inauteria eta mozorroen Inauteria. "Disfrazatzea da beste itxura bat hartzea, baina identitatea galdu gabe. Ikusgarritasuna da helburua, eta ahalik eta ederren agertzea publiko baten aurrean. Hala, protagonista aktiboak eta ikusle pasiboak daude. Mozorroen Inauteria oso bestelakoa da. Bizitzeko Inauteria da eta guztiak dira aktiboak nahiz eta batzuk harreragileak izan eta besteak bisitariak. Gero, helburua da inork ez ezagutzea eta identitatea galtzeraino desitxuratzea. Anonimotasun hori oinarri-oinarrizkoa da. Askatu egiten gaitu gure irudi publikotik, eta aukera ematen digu egun batez nahi duguna izateko eta nahi dugun moduan jokatzeko". Oier Araolaza antropologoaren hitzak dira.
Kokoek betetzen duten funtzioa
Kokoek urtero egiten dute bisita baserrietara. Bisitaren funtzioa ez da edonolakoa. Komunitatea lotzen du eta gazteei eskaintzen die aukera helduen komunitatean lehenengo urratsak egiteko.
Hala, gazteak dira benetako protagonistak. "Plana da parranda egitea baserriz baserri jasotakoarekin, eta ez da arinkeria bat. Baserriz baserriko ibilbide horretan etorkizunean helduen komunitateko kide oso izango diren gazte horiek ikasten dute herriaren lurraldetasuna, mugak, bakoitza non bizi den, ze bide dauden toki batetik bestera joateko, etxe bakoitza non dagoen eta nor bizi den bertan... Gaztea, azken finean, etxe guztietatik pasatzen da urtean behin, eta horrek ezagutza ematen dio bera parte izango den komunitate horren lurraldetasunaren inguruan".
Izen-ematea zabalik
Bost urte dira Goibeko Euskaltzaleen Mugimenduak koko-batzea berreskuratu zuela. Festa 16 urtetik gorako herritar guztiei dago zabalik. Erakusketan bertan dago izena emateko aukera. Bertan ikusgai dauden jantziak aukeratzeko aukera ere librea da. Nahikoa da izena ematerakoan zein mozorro janztea nahi den adieraztea.