Behe-lainoa zen Elgetan 12:00etan. Eguerdiko kanpai-hotsak entzuten hasi orduko zeuden nor bere lekuan kokatuta eskolako danborradako kideak –HHko neska-mutikoak eta LH6ko ikasleak–. Seigarren mailako ikasle Mohak egin ditu danbor nagusi lanak, eta denak gidatu ditu aginte-makilaren laguntzaz.
Aurten, San Sebastian eguna aste barruan izanik, San Sebastian kofradiako nobleek gaurko egunarekin egiten duten ekitaldietako parte izan da haur danborrada. Hogei bat kofrade elkartu dira eliza atarian eta gazteek eskainitako lau pieza entzuteko aukera izan dute. Gurasoak eta senitartekoak ere baziren bertan.
Txaloak jaso dituzte danbor-jole gazteek. Emanaldia amaitutako eskolara itzuli dira eta kofradiako kideak urteroko elizkizuna entzutera sartu dira parrokiara; aurten, gainera, Imanol Prieto parroko berriarekin lehen aldiz.
Elizkizuna amaitutakoan sakristian elkartu dira guztiak urteroko ekitaldia egiteko. Aurreko urteko akta onartu, aurtengo diru-ekarpenak egin, kargu aldaketak adostu eta bazkaltzera egin dute Elgetako, Angiozarko eta Uberako nobleek.
San Sebastian martxa entzun daiteke bideoan. Esan behar da umeak jotzen hasi direnean behe-lainoa zegoela Elgetan. Amaitu ordurako zerua urdindu eta eguzki-giroa nagusitu da.