Berezia izan zen martitzen eguerdiko meza Elgetan. Agerkundeko meza izateaz gainera, 23 urtez herriko parroko izandako Juan Cruz Juaristiren agurreko ospakizuna izan zen. Apaiz ibilbide luzea egin du Juaristik; izan ere, 93 urterekin erretiroa hartuta.
"Urte asko, baina ondo beteak. Oso gustura egon nintzen Orion, nire lehenengo destinoan. Gero, Ruandara joan nintzen, eta, han 37 urte egin nituen. oso maitatua eta zaindua izan nintzen bertan, eta lan ona egin genuen bertan. Gero, hona etorri nintzen eta hemen ere oso gustura egon naiz".
Elgetan 23 urte egin ditu parroko gisa Juaristik, eta urte horietan gustura izan dela azaldu du: "Gauza batzuetan aurrera, beste batzuetan atzera egin arren, eta fedeari begiratuta jende gutxiago dago presente gure eliz ospakizunetan, baina, jende jatorra eta ona da Elgetakoa".
Imanol Prieto Elgetako parroko berria
Bere ondorengoa Imanol Prieto izango da. Bergarako, Angiozarko eta Antzuolako parrokoa izateaz batera, Elgetako parrokiako lana ere bere gain hartuko du Lan kargari aurre egiteko Enrike Ormaetxea diakonoaren laguntza izanda. Prieto ondo ezagutzen duela dio Juaristik, eta ondo moldatuko dela dio. "Imanolek ezagutzen du hemengo giroa eta lan-karga gehiago izango du. Hileta ugari izaten dira Bergaran eta hori lan handia da gaur egungo apaizentzat, gure egoera ikusita, baina ondo konponduko da".
Imanol Prietok, Elgetako parrokoak, berriz, eskerrak eman zien martitzeneko elizkizunean, Bikario nagusi Mikel Arangureni, bertaratutakoei, eta bereziki Juaristiri, bere gertutasuna eta laguntasuna nabarmenduz.
Ordu aldaketak
Ordu aldaketak ere iragarri ditu Imanol Prietok, Elgetako parroko berriak. Izan ere, apaiz berriak, hemendik aurrera meza noiz eta nola izango den azaldu zuen Bergaran, Angiozarren, Antzuolan meza eman behar duenez ordutegiak moldatu behar izan dituela parrokia guztietara domekero iristeko. Elgetan, domeketan 10:00etan izango da meza, 12:00etan beharrean, eta zapatuetan ez da mezarik izango. Lan kargari aurre egiteko Enrike Ormaetxea diakonoaren laguntza ere izango duela ere azpimarratu du Juaristik.
Enrikek eta Prietok txandaka emango dituzte mezak Elgetan, 10:00etan; aste batean batek eta bestean besteak, Angiozarren. 11:15ean izango da gero Antzuolan meza eta 12:30ean, Bergaran. Zapatuetan ez dela mezarik izango Elgetan ere adierazi du Prietok Elgetako bere lehen elizkizunean.