Elgetan hazitako 'Poxpolin' txerria izango da San Tomas azokako protagonista aurten

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 3a

Peio Bilbao elgetarrak 'Poxpolin' txerriari begira.

Peio Bilbao Larragaña elgetarrak hazi du herrian duen txerri-haztegian. Poxpolin Duroc arrazako txerri emea da, hamabost hilabete ditu eta 350 bat kilo pisatzen ditu. "Uste dut txerri oso ona irten dela: oso lasaia eta ona", esan du Bilbaok. San Tomas Egunean Donostian beharko dute biek 07:00etarako.

Bigarren urtez Elgetan hazitako txerri bat izango da Donostiako San Tomas azokako protagonista nagusia. "Ardura da, baina badator eguna eta gogoz nago heldu eta Donostia aldera egiteko", esan du Bilbaok Poxpolin aurkezteko gaur egindako agerraldian. "Orain hamabost bat hilabete bera zen taldeko txerri eme handiena eta azokarako gorde genuen. Lau kilo eta erdi jaten ditu egunero eta hazten jarraitzen du", esan du elgetarrak. Txerri "ona", "lasaia" eta "osasuntsua" dela gaineratu du.

Aukeratutako izenari buruz galdetuta argitu du Donostiako Udalak erabakitzen duela hori. "Aurten Poxpolin da eta izen egokia iruditzen zait txerri baterako".

'Poxpolin'-en aurkezpena gaur

Bilbaok kazetari mugimendu handia izan du gaur txerri-haztegi inguruan. Eguerdi partean sei bat lagun zituen bideo-kamera eta argazki-kamerekin inguruan eta beste hainbaten deiak jaso ditu zuzeneko elkarrizketak egiteko. "Azokarako txerria hazten zuen baserritarrak erretiroa hartu zuen orain bi urte, eta ni izendatu ninduten zeregin honetarako iaz. Egia esan, txerriaren aurkezpenak interesa pizten du", zioen elgetarrak hedabide guztiei txanda nola eman asmatu ezinik.

Basatxerri abeltzain kooperatibako kide da Bilbao eta euskal baserriko txerriak hazten eta eskaintzen ditu abeltzain egin zenetik, orain lau urte. Euskal baserriko txerria nahi izaten dute Donostiako azokan. 

San Tomas egunean Donostiara

Bigarren esperientzia izango du Peio Bilbaok Donostiako San Tomas azokan txerriarekin. Hori da abenduaren 21erako duen plan nagusia. "Egun polita izaten da. Goizean han behar dugu 07:00etarako. Lekua prest egoten da eta bertan uzten dugu txerria. Egun osoan inguruan ibiltzen naiz  jatekoa eta edatekoa duen ziurtatzeko, baina gainerakoan azokarekin disfrutatzeko aukera ere izaten dut".

Galdera egin diogu: "Esango duzu txerria Elgetan hazitakoa dela, ezta?". Eta erantzuna: "Zalantzarik gabe, behin eta berriz gainera. Hori argi geratuko da".

Erlazionatuak

'Poxpolin' txerria

Larraitz Zeberio Lekuona abe 03, 12:36 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak