Domekan zabalduko dute izen-ematea martxoaren 28an Elgetan jokatuko den Ahuntzen mendi lasterketarako

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 24a

Helduen lasterketarako 350 dortsal egongo dira eskuragarri eta gazteen lasterketarako 50. Ibilbideei dagokienez aurten ez da aldaketarik egongo. Dortsalak herrikrosa.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Martxoaren 28an jokatuko da aurten Elgetako mendi lasterketa: Intxortako Ahuntzen Lasterketa. Bosgarren aldia izango du eta antolatzaileek espero dute iazko lasterkari kopuruetara heltzea. 300dik gora lagun aritu ziren lasterketa nagusian eta 25 12-16 urte arteko neska-mutikoendako antolatzen duten Antxumeen lasterketan.

Bai batean zein bestean izena emateko epea domekan zabalduko dute eta dortsalak herrikrosa.eus webgunean egongo dira salgai. Antolatzaileek jakinarazi dute helduen lasterketarako 350 dortsal egongo direla eskuragarri eta gazteen lasterketarako 50.

Ibilbide berdinak

Ibilbideei dagokienez aurten ez da aldaketarik egongo. Lasterketa nagusiak, 16 urtetik gorakoendako dena, 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibela izango ditu. Plazatik abiatu, Egoarbitzara igo, Goikomendira egin, Aixolako urtegira jaitsi, Erdella igo eta amaitzeko Intxortako punta zapaltu beharko dute lasterkariek plazako helmugara iritsi aurretik.

12-16 urte arteko gaztetxoendako den Antxumeen lasterketak, berriz, 4 kilometro eta 250 metroko desnibela izango ditu. Plazatik abiatu, Goikomendira igo, Larrabilburuko pistara jaitsi eta helmuga iristea izango da parte-hartzaile gazteenek egin beharreko lana.

Azken urteetako ibilbide berdinak izango direla azpimarratu dute antolatzaileek eta elgetarrek antolaketa lanetan eskaintzen duten laguntza eskertu dute beste behin.