Euskal Herriko II. boleta-maratoiko txapela Sebas Arantzabalendako

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko abu. 31a, 11:24

Euskal Herriko II. boleta-maratoiko sari-banaketa. Irudia: Goiena.

Bigarren aldia izan du txapelketak, eta ezaugarri ezberdinak dituzten Elgetako hiru bolatokitan jokatu da; 46 parte-hartzailek hartu dute parte. Hirugarren edizioa antolatzeko gogotsu daude antolatzaileak.

Euskal Herriko II. boleta-maratoia jokatu zuten atzo, abuztuak 30, Elgetan. Zabaleta auzoko bolatokian, Salbadorkoan eta Elgetakoan egin ziren tiraldiak, eta Sebas Arantzabal elgetarrak eskuratu zuen txapela, hiru bolatokietan txirlo gehien bota zituena izan baitzen; guztira, hamalau. Hurrenez hurren izan zituen Eñaut Kortabarria, Juanjo Uranga, Eneko Maguregi, Mateo Argoitia eta Jesus Mari Gorosabel.

Iaz egin zuten lehendabiziko aldiz boleta-maratoia, eta, izan zuen arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dutela adierazi du Arantzabalek, antolatzaile lanetan ere aritu baita: "Hau ez da sekula egin. Urtetan genbiltzan bueltak ematen, baina iaz atrebitu ginen egitera: jendea pozik gelditu zen, eta, tira, jendea nahiko gustura bigarren edizioan ere".

Haren hitzetan, gainera, aurten, iaz baino parte-hartzaile gehiago izan dira –guztira, 46–, eta profilak ere gero eta anitzagoak dira: "Emakumeak geroz eta gehiago dira, eta baita datozenen herriak ere: jendea etortzen da Markiña aldetik, hor talde polita dago, eta Aretxabaletatik ere talde indartsua etorri da. Elgeta, Bergara, Eibar... pixka bat danetik dago".

Hirugarren edizioa

Hirugarren edizioa egingo ote den galdetuta, honako hau erantzun du Arantzabalek: "Tira, oraingoa ikusita, esan daiteke baietz, baina oraindik urtebetean gauza asko gertatzen dira. Dena den, guk animoa eta esperantza badugu hurrengo urteetan antolatzeko". Gainera, erantsi du txapelketak eta tiraldiak geroz eta ohikoagoak direla Euskal Herrian, "berpizten" ari dela "gainbeheran zihoan jokoa", eta, horrenbestez, Elgetakoaz gain, badirela beste hamaika aukera: "Uste dut ez dagoela hilabeterik tiraldirik edo txapelketarik gabe. Hau bukatu dugu, baina irailean Arratekoa dator, gero Euskal Herrikoa hasten da, ondoren Gipuzkoakoa... Honek ez dauka bukaerarik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak