Erakusketak eguenean, hilak 12, zabalduko ditu ateak eta 170 bat argazkik osatuko dute, denak Elgetakoak. "Aurrekoa baino erakusketa intimoagoa izango da; izan ere, lagatako familia argazkiak dira. Bertan herriko kuadrillak, familia osoak, ezkontzak, ospakizunak, ume txikiak... agertzen dira", azaldu du Fernando Larrañagak.
Herritar askoren laguntza izan dutela gaineratu du. "Emakume pila batek hartu du parte. Etxeko argazkiak ekarri dituzte eta eskaneatu ostean bueltatu dizkiegu, beranduenez astebeteko epean. Egongelaren batean zintzilikatutako koadroetako argazkiak ere eskaneatu ditugu", azaldu du.
Erakusketa hilaren 22ra arte egongo da ikusgai, eguenetik domekara. Eguenetan eta barikuetan 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik, zapatuetan 11:00-14:00 eta 18:00-20:00 artean eta domeketan 11:00etatik 14:00etara.
Herriaren memoria
Larrañagaren esanetan argazki bilduma horiek Elgetaren memoria dira. "Denak dira zuri-beltzean eta 40. eta 50. hamarkadetakoak dira gehienak; %10 izango da gerra aurrekoa", azaldu du. "Argazki guztiak daude izenekin, baina badaude hutsuneak eta okerrik badago zuzentzea komeni da; izan ere, argazki horiek Udal Artxiboan gordeta geldituko dira". Hala, herritarren laguntza eskatzen jarraitzen du.
"Aurreko erakusketak arrakasta handia izan zuen eta laguntza handia jaso genuen identifikazio lanetan. Oraingoan, argazkiak laga dituzten herritarrei egin nahi diegu aitortza eta sarreran bi zerrenda jarriko ditugu: alde batetik, argazkiak laga dituztenen izenak eta bestetik identifikazio lanetan lagundu digutenena". Larrañagak azaldu du baserri askotako argazkiak jaso dituztela: "Mantunekoak, Bastarrikakoak, Albisturkoak, Azulakoak... baina, baita ere, kaleko etxeetakoak".
Artxibo bizia gura dute antolatzaileek, eta horretan dihardute proiektuari duten denboraren zati bat eskainiz. "Hau da gure ekarpena. Denen artean artxiboa osatzen joan gaitezke", esan du Larrañagak.