Auto klasikoen erakusleiho izan zen igandean Elgeta. Fernando Errasti, Agustin Lazpiur eta Aitor Zabaletak Elgetako Udalaren laguntzarekin antolatuta, auto klasikoen erakusketa egon zen ikusgai Mendizaleen plazan. Zabaletak azaldu zuenez, denbora zihoazen gisa honetako erakusketa bat antolatzeko asmoarekin, eta Udalarekin batu ostean animatu ziren aurrera eramatera: "Pandemia aurretik pare bat aldiz egin genuen, eta ostean, beti egon gara egiteko, baina laga egiten genuen. Azkenean, aurten, alkatearekin elkartu eta denon artean antolatu dugu".
50 urtetik gorako autoak izan ziren erakusketaren oinarri, auto berriago bat edo beste ere bazen arren. Zaharrak bai, baina ondo zaharberritutakoak ziren guztiak, eta horren froga bezala, eguerdi aldera autoak martxan jarri eta ibilbidea egin zuten herriko kaleetan barrena. Antolatzaileak pozik agertu ziren erakusketaren zein autoen zaharberritze mailarekin: "Hemen, 100era heldu ez arren, 80 urte inguruko autoak daude, eta beste batzuk 50 urtekoak. Denak daude ganoraz zaharberrituta".
Egun osoan zehar hainbat herritar bertaratu ziren erakusketara, eta antolatzaileak pozik agertu ziren hauen interesarekin. Horrelako erakusketek geroz eta interes gehiago sortzen dute Zabaletaren ustez, eta hauek pozik antolatzen dituzte herritarrek autoak gertutik ikusteko aukera izan dezaten. Aurrera begira ere, bestelako erakusketa bat antolatzeko ideia darabilte buruan: "Aurten auto zaharrekin egin dugu erakusketa, eta hurrengoan auto gazteagoekin egingo dugu".
Urte askotako lana
Agustin Lazpiur etxean zaletu zen autoen zaharberritzera: "Lehenik eta behin mekanika gustatu behar zaizu. Nire etxean aita zein osaba motor zaleak izan dira eta umetatik ikasi dugu zer den motor baten soinua, eta hori barrura sartzen da". Hainbat auto eraman zituen erakusketara: Textil Lasabagaster enpresaren jabetzakoa zen Chrysler autoa, 20/25 Rolls royce-a, Renault 4/4-a eta 1938ko Chevrolet bat.
Auto klasikoek normalean mantenu lan gutxi behar dutela azaldu zuen Lazpiurrek. Hala ere, mantenu lan horiak urriak izateko aurrez zaharberritze lana ondo egin behar omen da, eta horrek denbora asko suposatu dezake. Textil Lasabagasterreko Chrysler autoaren kasuan hiru urte behar izan zituen konpontzeko, "nahiko apurtuta" zegoelako.