Nola adostu herri txikien etorkizuna erronka demografikoen aurrean? Galdera hori abiapuntu izan zuen saioa egin zuten atzo Elgetan, Debagoiena 2030 ekimenak antolatutako Iraunkortasunari hamaika begirada ekintza programaren bigarren aldiaren baitan.
Bertan, askotariko datuak oinarri hartuta, Debagoieneko errealitatearen ezaugarriak azaldu zituen Gislan Kooperatibako Imanol Esnaolak, eta adierazi zuen gura bailarak badituela aukerak bere herri txiki eta auzoekin zelako harremanak nahi dituen adosteko: "Bizi izan dugu 80 urteko prozesu bat zeinetan landa gunea izan da industriaren atzeko atea. Hau da, baserritarrek kalean, industrian lan egin behar izaten zuten eta baserrietako etxeak ez ziren funtzionalak. Orain ohartzen ari gara Debagoiena moduko toki batean, non distantziak txikiak diren, batzuek kalean bizi nahi dutela eta beste batzuk landa gunean. Horrek eskatzen du berriro kontzeptualizatzea eta landa guneak eta bertako bizitza, gutxietsi beharrean, balioan jartzea. Eta ez garai bateko ikuspegiekin, baizik eta ikuspegi berriekin".
Esku-hartze sozialaren eredu aldaketa sustatzea helburu duen Zabalduz kooperatibako Zuriñe Mindegiak, bere aldetik, erronka demografikoaren aurrean eredu komunitarioak egin dezakeen ekarpenaz egin zuen berba Elgetan, baita beste zenbait kooperatibarekin elkarlanean Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan martxan duten Auzosare ekimenaz ere: "Hauskortasun sozialeko egoeran dauden pertsonak, adineko pertsonak, komunitatera nola birkonektatzea da helburua, herrietan eta eskualdeetan zaintza sare komunitarioak eratuta".
Hurrengoa, Aramaion
Espaloia Kafe Antzokian egindako saioa bertatik bertara jarraitu zutenen artean egon ziren, besteak beste, Antzuolako, Aramaioko eta Elgetako alkateak. Eta azken horren, Ibon Unzetabarrenetxearen ustetan, saioa baliagarria izan zen herriak dituen erronkei nola aurre egin ikusteko.
Herri txikiak ardatz hartuta, bigarren saio bat ere egingo dute Iraunkortasunari hamaika begirada ekintza-programan. Hala, ekainaren 4an erronka sozioekonomikoa izango dute hizpide Aramaioko sastiñan, 17:00etan hasita egingo duten saioan.