Euskaraldia 2025

Anje Loiti: "Tristea iruditzen zait dakien jendeak hizkuntza ez erabiltzea"

Sara Lanz 2025ko mai. 24a, 15:00

Anje Loiti elgetarrak lehenengo aldiz hartuko du parte Euskaraldian, "zer den probatzeko" jakin-minagatik. Gaur egun gaztetxoenen artean euskara gutxiago entzutean arduratzen du, baita bertakoek ez diruditenekiko aurreiritziek.

Elgetako hamaikakoko kide da Anje Loiti (Elgeta, 2000), eta aurten ahobizi rola izango du Euskaraldian. Gonbidapena jaso zuenean ez zuen zalantzarik izan: "Zer den probatzeko" aukera moduan hartu zuen, eta pozik dago erabakiarekin. Elgetako Euskaraldiko hamaikako argazkian parte hartu zuen. Han proposatu zioten Euskaraldian parte hartzea, eta baiezkoa eman zuen berehala. Txikitatik euskaraz hitz egin izan du, eta horregatik aukeratu du ahobizi rola: "Dakidalako, menperatzen dudalako eta gustuko dudalako; egunero erabiltzen dut".

Elgetako gaztetxoak eta erronka berriak

Loitik azaldu duenez, Elgetan gehienek euskaraz egiteko ohitura handia dute, baina gazteenen artean aldaketa batzuk antzeman dituela azpimarratu nahi izan du: "Lehen, umeak beti euskaraz entzuten nituen; orain, berriz, mugikorraren garaian, gero eta gehiago jotzen dute gaztelerara". Horrek kezka sortzen dio, eta hori dela-eta ikusten du beharrezko horrelako ekimenak sustatzea. 3 urterekin Bulgariatik etorri zen, eta baserrian euskaraz bizi zen: "Euskaraz hasi nintzen hasieratik, eta horrek eragin du orain dudan joeran". Horrelako ekimenek duten erronka nagusia, haren ustez, erabilera da: "Tristea da dakien jendeak ez erabiltzea". Alabaina, bertakoak ez diruditenekiko aurreiritziek eragin kaltegarria izan dezaketela ohartarazi du, eta lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak