Diputatuen Kontseilua Elgetan elkartu da gaur; herriko proiektu nagusien berri ere jaso dute foru ordezkariek

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko api. 8a, 13:54

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen bisita izan dute gaur Elgetan; izan ere udaletxeko areto nagusian egin dute aste honetako Diputatuen Kontseilua. Eider Mendoza Diputatu Nagusia bilkura hasi aurretik heldu da, eta ordubete inguruko lan-topaketa egin du Ibon Unzetabarrenetxea alkatearekin. Elgetako proiektu eta estrategia nagusiak bertatik bertara ezagutzeko lan-topaketa izan dela azaldu du Diputatu Nagusiak.

Diputatuen Kontseilua osatzen duten foru ordezkariek goiz osoa eman dute Elgetan. Lehenengo Eider Mendoza Diputatu Nagusia heldu da eta zain zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkatea. Plazan egin dio ongietorria alkateak eta aurreikusita zuten ordubete inguruko lan-topaketa egin dute segidan.

Mendozak azaldu du Elgetako proiektu eta estrategia nagusiak bertatik bertara ezagutzeko lan-topaketa egiteko baliatu dutela goizeko lehen orduko bilera. "Alkatearekin egindako batzarrean ikusi duguna da Elgetaren erronkak direla herri txiki askotan dauden erronkak, eta, aldi berean, lurraldeko herri guztietan daude erronkak. Alkateak mahai gainean jarri dizkigu herriak dituen kezka nagusiak eta guztiak ez dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak. Azpimarratu direnen artean daude etxebizitzaren erronka –lanketa bat egingo du Udalak–, kultura egitasmoaren ikuspegitik dauden proiektuak, kirol zentroa, eguneko zentroa, mugikortasuna... Horietan guztietan badaude aukera batzuk guk ere Gipuzkoako Foru Aldundi moduan laguntzeko. Horiek abian jartzeko lankidetza bat martxan jartzeko da bidea".

Alkateak balorazio positiboa

Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak balorazio positiboa egin du. Pozik agertu da Elgetako Udalak aukera izan duelako foru ordezkariei "Elgetako errealitatearen berri emateko". Hauek izan dira alkatearen hitzak: "Diputatu Nagusiari jakinarazi diogu Elgetako errealitatea zein den, zeintzuk diren Elgetako beharrak eta behar horien arabera Elgetako aurrera begira dituen proiektuak zeintzuk diren: kiroldegi berria egitea, eguneko zentroa lekuz aldatzea eta beste hainbat proiektu. Elgetako alkate bezala hori oso onuragarria izan da eta espero dut honek sortu izana lankidetzarako aukera berri bat eta gure harremanak estutu izana etorkizunera begira".

Diputatu Kontseiluaren ostean bisita

Diputatuen Kontseilua egiteko unea heldu da gero. Mendozak eta Unzetabarrenetxeak plazan egin diete harrera Jose Ignacio Asensiori (Jasangarritasuneko foru diputatua), Maite Peñari (Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatua), Irune Berasaluzeri (Gobernantzako foru diputatua eta Elgetako zinegotzi ohia), Unai Anduezari (Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatua), Azahara Dominguezi (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua), Itziar Agirreri (Ogasun eta Finantzetako foru diputatua), Felix Urkolari (Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatua), Xabier Arrutiri (Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua) eta Jon Aldazabali (Araubide Juridikoko zuzendaria eta Gobernu Kontseiluko idazkaria). Kontseiluan Goizane Alvarez (Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua) falta izan da.

Udaletxeko areto nagusian egin dute Diputatuen Kontseilua eta amaitutakoan Elgetako alkatearen gidaritzapean herriko hainbat azpiegitura bertatik bertara ikusteko aukeran izan dute diputatuek.

Bisitatutako azpiegituren artean izan dira konponketa lanak behar dituen kultura etxea, txiki gelditu den kiroldegia, eguneko zentro berrirako Udalak begiz jota duen San Roke kaleko eraikina, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa edo eskolako jangela berria hartuko duen Espaloia kafe antzokia.

 

Diputatuen Kontseiluaren aurretik Ibon Unzetabarrenetxea alkateak eta Eider Mendozak egindako lan-topaketa.

Erlazionatuak

Diputatuen Kontseiluko ordezkariak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona api 08 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak