Euskal Mendizale Federazioak 23. aldiz antolatu du aurten Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuitua. Zazpi lurraldeetako mendi eta txokoak ezagutzeko parada ematen diete partaideei, eta, ohiturari jarraituz, hasiera Elgetan eman diote: "Hona etortzea beti da hunkigarria, Federazioaren 100 urteko ibilbide luzea hemen hasi baitzen. Oso barneratuta dugu Elgetako ibilbidea; hain zuzen, gaur egin duguna 2024ko ibilbide luzeko egutegiari amaiera ematen dion jai-jardunaldia da, eta, era berean, 2025eko irteeren aurrekari ere bada", azaldu zuen Iñaki Garaik, EMFko zuzendari teknikaok.
Mendizaleak 08:00etan irten ziren Bolatokitik 23 kilometroko ibilbidea egitera. Asentzio ermita, Intxorta, Erdella, Aixola, Egoarbitza eta Azkonabieta zeharkatu zituzten, eguerdi partean Herriko Plazara heldu aurretik. Bertan Kantsatzeke mendi elkartekoek salda eta mokadua zeuzkaten prest. EMFkoek, gainera, oroigarriak banatu zizkieten, eta baita diplomak ere iaz gutxienez zortzi martxa osatu zituztenei.
Hasierako maldan baino ez zuten topatu lokatz trinkoa mendizaleek. 200 partaide inguru animatu ziren eta eguraldi eta giro bikaina izan zuten uneoro. Mendi martxak jarduera "herrikoi eta arrakastatsuak" direla aipatu zuen Garaik: "Herrian herriko mendi elkarteekin antolatzen ditugu elkarlanean eta 10.000 lagun inguruk hartzen dute parte urtero".
Zirkuituaren hurrengo geltokia Billabona izango da, martxoaren 30ean, 56. Aizkardiko Ibilaldia tarteko.