Elgetako Kaxilda txerria aukeratu dute Donostiako San Tomas Egunerako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 11a, 15:03

Elgetako Arantzeta baserriko Kaxilda txerria da Donostiako San Tomas Egunerako hautatu duten txerria; 350 kilo ditu momentuz, Duroc arrazakoa da eta "kurioso nahiz kuxkuxero" bezala definitu du animalia hazi duen Peio Bilbao abeltzainak.

Elgetako Kaxilda izango da Donostiako San Tomas Eguneko txerria, eta abenduaren 21ean Gipuzkoako hiriburuko Konstituzio plazan egongo da ikusgai. 21 hilabete baino ez ditu eta 350 kilo pisatzen ditu, baina egunero kilo eta erdi irabazten duela adierazi du animalia hazi duen Arantzeta baserriko abeltzain Peio Bilbaok. Hortaz, aurreikusten du festa-egunera 40 kilo gehiagorekin iritsiko dela.

Basatxerri kooperatibatik datorren txerria da, Duroc arrazakoa. "Hibridoa da. Basatxerriak libre hasitako txerriak dira, eta hemen inguruko mendietan ibiltzen dira", dio.

Bost kilo baino gehiago janari

Ia 400 kilorekin iritsiko da Kaxilda Elgetatik Donostiara, eta pisua irabazteko egunero bost kilo eta erdi pentsu jaten ditu. Elikatzeko prozesuak galdetuta dio, toldo handietan jartzen dituztela txerriak, egun guztian nahi beste jateko eta beste horrenbeste urekin.

Jaten duen pentsua edo masa hori osatzeko babak, garia, artoa eta soja erabiltzen ditu.

Kuriosoa eta kuxkuxeroa

Emeak izan ohi dira San Tomasetako txerriak, eta izena Donostiako Udalak jartzen diela adierazi du Elgetako abeltzainak. Aurtengoari Kaxilda izena jarri izana egoki ikusi du Bilbaok. Hala, txerria "kurioso eta kuxkuxero" moduan definitu du.

205 txerri ditu bere lurretan elgetarrak, baina hain justu txerri jakin hori hautatzeak ez du misterio handirik izan Bilbaoren esanetan: "Loteko handiena hartzen da, tamaina handiarekin etortzeko. Ez dauka bereziki beste ezer. Handia izatea, eta gero, hazten doan heinean, ohitu egiten da norberarengana eta horrek aldea egiten du. Txerri ederra da. Solomo luzeak ditu eta San Tomas Egunerako prest egongo da".

Luzera begirako estreinaldia

Lehen aldiz eramango du Bilbaok bere txerri bat Donostiako San Tomasetara. Azken bi urteetan Basatxerri kooperatibaren kide den Aizarnazabalgo Larraxko baserriko Manu Izagirreren txerriak izan dira hautatuak. Jubilatu egin da, ordea, eta elkartea gazte baten bila zebilela azaldu du Bilbaok. Gustura hartu du erreleboa, ikasteko gogoz.

Badu itxaropena datozen urteetan Donostiakoa urteroko hitzordua izateko: "Saiakera hori izango da. Aurten egingo dugu lehenengo proba. Ea datorren urtetan nondik doan eta horren arabera erabakiko dugu jarraitu edo ez. Printzipioz, bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak