95 dira hildakoak, gaur-gaurkoz, baina ziurra da kopuruak gora egiten jarraituko duela, eta Espainiar estatuan inoiz gertatutako hondamendi natural handiena da, horrenbestez.
Dana denboraleak eragin zuen hondamendia, herenegun, Mediterraneo mendebaldean, Gaztela-Mantxan eta, batez ere, Valentzian eraginez ondoriorik lazgarrienak. Zenbait tokitan, ordu gutxian 400-500 litro ur bota zituen; hainbat errekak eta ibaik gainezka egin zuten; eraikinak, zubiak eta ibilgailuak eraman zituen urak. Eta, bi egun geroago, erreskate lanetan jarraitzen dute, pertsona eta gorpu gehiagoren bila, izan ere, ehunka pertsonak desagertuta jarraitzen dute oraindik.
Gaur sartu dira indarrean Espainiako Gobernuak ezarritako hiru dolu egunak. Imanol Pradales Lehendakariak elkartasuna adierazi dio Valentziako Erkidegoari eta erreskate lanetan laguntzeko baliabide materialak eskaini ditu.
Elkartasun kanpainak
Eroskik laguntza batzeko kanpaina bat jarri du martxan; herritarrei euren ekarpena egiteko aukera eskainiko die kutxatik pasatzerakoan; eta Aita Mennik itsulapikoak jarri ditu bere egoitzetan -Arrasateko ospitaleko harreran, tartean- kaltetuentzako mantak eta oinarrizko elikagaiak erosteko.