Debagoiena mailako III. Erreka auzolana egingo da zapatuan, urriaren 19an. Erreka garbiketaren egunean, aurreko urteetako zifrak errepikatzen badira 500 lagunek baino gehiagok bailara zeharkatzen dituen urak ezagutu eta ingurua txukunduko dute. Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoko kide, Lander Juaristik, oraindik ere hainbat herritan izen emateko aukera dagoela gogoratu du animatzeko dei eginez.
Horrekin batera, larunbatera begira boluntarioentzat hainbat gomendio eman ditu Juaristik. Jantzita arropa zaharra eramatea komeni dela eta bustitzeko gogoa duenak horretarako aproposak diren jantziak, arrantzarako katiuskak, esaterako. Materiala eta jantziez gain, gogoa nabarmendu du.
'Hemen itsasoa hasten da'
Lander Juaristik, ekimenaren bueltan ideia interesgarri asko sortzen direla adierazi du: Hemen hasten da itsasoa leloa duten plakak, adibidez. Plaka hauen helburua herritarrak kontzientziatzea dela azalduz: “Askotan estolderia desberdinak zuzenean joaten dira errekara eta askotan ez gara hortaz jabetzen”. Hori ekiditeko xedearekin, xaflak herri bakoitzak bere modura jarriko ditu. Batzuk auzolan egunean jarriko dituzte eta beste batzuk, aldiz, aurrerago.
Naturan murgilduz
Erreka auzolana ardatz, bailarako herrietako batzordeek ekintza ezberdinak antolatu dituzte eta modu horretan, egitarau bateratua osatu dute. Asentzion baso bainuez gozatzeko aukera izan dute hamar bat pertsonak. Inguruak dituen pagadiek eta ikuspegiak leku apropos bilakatzen dute Asentzio, alderdi terapeutikoa duen eta eguneroko erritmo bizia makaltzen laguntzen duen jarduerarako.
Amaia Agote, ingurumen hezitzailea, izan da baso bainuen gida. Agotek publiko orokorrari eskainitako jarduera dela eta bost zentzumenen bitartez antsietate maila edo estresa baretzen lagun dezaken jarduera dela azaldu du.
Asentzioko baso bainuak zabaldu dizkio ateak Debagoieneko erreka garbiketaren harira antolatutako ekintza sortari. Baina, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte astean zeharrerako gainerako herrietan. Hitzaldi, solasaldi edo ikus-entzunezkoen proiekzioak tarteko. Hori guztia zapatu goizerako motorrak berotzeko.