Iazko gerakineko ia 90.000 euro, aurrekontura

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 9a, 14:19

Udal aurrekontuko hiru diru-partida handitzea eta sei berri sortzea onartu du udalbatzak. Horrekin batera, aurrera egin du alkateari soldata igotzeko proposamenak. Bi puntu horietan abstenitu egin dira oposizioko hiru ordezkari jeltzaleak.

Elgetako udalbatzak martitzeneko osoko bilkuran erabaki du zertara bideratuko duen aurreko urteko ekitaldiaren gerakinaren zati bat; hain zuzen ere, 89.743,41 euro. Sortutako diru-partida berrien artean nabarmentzen da hirigintza kontuetarako bideratutakoa: "Domingo Iturbeko zebrabidea egitea zen asmoa, baina oraingoz ezingo da egikaritu eta beste hirigintza lan batzuk egiteko izango da diru hori", esan zuen alkateak. Azaldu zuen, baita ere, aurreikusi gabe zegoela frontoiko iragazgaizte lanetan plaka fotovoltaikoen instalazioa erretiratzea –20.000 euro–, eta hainbat baso-lursail erosteko eskaintza jaso duela Udalak eta kokapenarengatik erostea erabaki dela –10.000 euro–. Lehen poligonoaren digitalizazio lanak amaituta hirugarren poligonoarekin hasiko da Udala eta antzokian ere inbertsioak egingo dira. "Materiala berritzeko beharra ikusten dugu. Zaharkituta dago. Inbertsioa esanguratsua da –7.579 euro–, baina beharrezkoa". Handituko diren partiden artean dago, berriz, genero indarkeriaren aurkako neurriekin lotutakoa. Eraso matxisten kontrako jaietako protokoloa prestatzeko izango da.

Oposizioa abstenitu egin da. Uste dute egin beharreko inbertsioak direla gehienak, baina akordioetara heltzeko Udal Gobernuaren ahalegin eza kritikatu dute. "Ez dute gurekin ezer kontrastatu", esan du Iker Lakak.

Gerakinean beste 191.601,33 euro gelditzen dira zertarako erabili erabakitzeko.

Alkatearen soldata igoera

Hartutako beste erabakien artean da alkatearen soldata igoera. "Aspaldi nabil honi bueltak ematen, eta uste dut badela heltzeko unea", esan zuen Unzetabarrenetxeak. Agintaldi hasieratik eta lan jardun erdiarengatik hilean 1.067,16 euroko soldata jaso du alkateak. Aurrerantzean, 1.250 euro jasoko ditu. "Gardena izan nahi dut. Alkate karguak erantzukizun eta ardura handiak ditu, eta uste dut dedikazioaren eta konpentsazio ekonomikoaren arteko oreka bat mantendu behar dela. Une honetan, Zestoako udaletxeko jardunarengatik baino gutxiago kobratzen dut hemen ardura askoz ere handiagoak izanda". EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin egin du erabakiak aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak