Aurtengo Sagardo Eguna, goizeko ordu txikiak arte

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 18a, 15:00

Kalean elkartuko dira zapatuan elgetarrak. Tokiko ekoizleen azoka, Intxortako igoera, patata-tortilla lehiaketa eta aurten nobedade diren kafe antzokiko kontzertuak daude iragarrita. Abuztu osteko herri mailako lehen ospakizuna izango da. Hiru eragileren arteko elkarlanaren emaitza da egun osoko egitaraua.

Irail erdialdeko klasiko bat da, eta, ohiko osagai guztiez gain, kontzertu-gaua ere izango du aurten Sagardo Egunak. Zapatuan, hilak 21, tokiko ekoizleen azoka (10:30), umeendako tirolina (10:30), Intxortako igoera (11:00) eta patata-tortilla lehiaketa (18:00) izango dira herrian. Nobedade nagusia aurten gaueko kontzertuak izango dira. Espaloia kafe antzokian izango dira, 21:30ean.

Gazte Asanblada, Mendi Mendia Racing eta Udala elkarlanean aritu dira eta egitarau bateratua atera dute. "Uztailean hasi ginen lanean", azaldu du Gazte Asanbladako Unai Andresek. "Pozik. Uste dut lorpen handia dela eragileekin batera eguna aurrera ateratzea. Egun polita ateratzea espero dugu", gaineratu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Goizez azoka eta karrera

Tokiko ekoizleekin egindako azoka 10:30ean hasiko da eta dozena bat postu aurreikusten dira. Umeendako tirolina ere egongo da, udaletxetik plazara jaisteko, eta 11:00etan herritarren artean ikusmin handia sortzen duen Intxortako igoera jokatuko da. Parte hartzaileek egunean bertan eman behar dute izena. Errekorra ondu nahi dutenendako bi dira erreferentziak: 2015etik Eleder Lozanok du gizonezkoen markarik onena (16.14) eta iaz ondu zuen emakumezkoen denborarik onena Nerea Goikoetxeak (22.38). "Lehia bizia egoten da Intxortako igoeran, eta txikiendako egiten dugun Salbador igoeran ere bai. Pozgarria da hainbeste jende parte hartzen ikustea", esan du Unzetabarrenetxeak.

Tortilla lehiaketa arratsaldean

Oso bestelako lehia izango da patata-tortilla lehiaketak eragingo duena, baina hura ere jendetsua izatea aurreikusten da. 18:00etako kanpai hotsekin emango diote hasiera, plazan, eta parte hartzaileek ordu eta laurdeneko tartea izango dute ahalik eta patata-tortillarik goxoena egiteko. "Tortilla guztiek mahai gainean beharko dute 19:15erako", azaldu du Elgetako Gazte Asanbladako Paula Palaciosek. "Iaz 31 bat taldek hartu zuten parte. Talde asko dira".

Izen-ematea zabalik da Haizea tabernan. Gogoratu epaimahaiak zaporea eta itxura baloratuko dituela eta azken sailkatuarendako sari berezia ere egongo dela. Antolatzaileek mahaiak jarriko dituzte; sua, ontziak eta osagaiak parte hartzaileek jarri behar dituzte.

Kontzertu-gaua Espaloian

Sagardo Eguna borobiltzeko, kontzertu-gaua izango da aurten antzokian. 21:30ean zabalduko dituzte ateak antolatzaileek. Bengo, DMT, Emeka, Golden 21K, North School eta Etxepe arituko dira. Ondoren, eta goizera arte, DJ Oier Mendizabal arituko da. "Ikusten genuen gau parterako zerbait antolatzea falta zela, eta Mendi Mendia Racing (MMR) taldetik animatu gara horretara. Beste musika estilo bateko kontzertuak antolatu izan ditugu orain arte, baina gazteen artean modan dagoen rap-trap estiloaren alde egin dugu oraingoan. Ea zelan doan", dio MMRko Mikel Beretxinagak.

Sarrerak salgai daude, 15 eurotan, Elgetako Janela tabernan, Arrasateko Osorik tabernan, Bergarako Arrano tabernan eta Eibarko Katu Kale tabernan.

Parte hartzeko deia

Parte hartzeko dei egin dute antolatzaileek. "Parte hartzeko aukera zabala da; azokan postua ipiniz, azokan erosketak eginez, karreran parte hartuz, patata-tortilla eginez edo kontzertuez gozatuz", esan du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak