Umeendako hiru-txirlo bola tiraldia antolatu dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko uzt. 11a, 16:00

Biharko, barikurako, antolatu dute eta bi mailatan arituko dira gaztetxoak; 6-9 urte eta 10-13 urte. Umeendako tiraldiak ez dira oso ohikoak baina transmisioarekin badago kezka. Bolari talde handienak hasita daude gaia lantzen eta ekimen bereziak egiten.

Bolatoki tabernako kudeatzaile Mari Carmen Salasen ekimenez antolatu dute tiraldia. Umeendako egindakoak ez dira oso ohikoak izaten eta antolaketan laguntzeko Elgetako hiru-txirlo bola taldeko lagunen atea jo du Salasek. Sebastian Aranzabalek berehala heldu dio erronkari. Bolatokia prestatzeko lanetan aritu da aurreko egunotan.

Ekimenaren helburu nagusia umeek ondo pasatzea da, baina, baita ere, kirol modalitate hau gazteen artean ezagutzera ematea eta zaletasun berriak sustatzea. Hala, bolatan ikasteko aukera paregabea izango da."Bola eskuan nola hartu behar den, ohola gutxi gorabehera zein puntutan jotzea komeni den... Halakoak azaltzen saiatuko gara", esan du Aranzabalek. "Umeendako tiraldietan bola pisu txikiagokoa izaten da eta adinaren arabera txirloak gerturatu egiten ditugu; ohikoa baino lau bat metro gertuago jartzen dira, gutxi gorabehera".

Umeendako tiraldi gutxi

Umeendako tiraldi gutxi antolatzen dira, baina modua izan daiteke zaletasun berriak sustatzeko; izan ere, transmisioa bada kezka iturri talde gehienetan. "Aldiro jokatzen dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketak, eta egoten dira alebinendako, jubenilendako eta infantilendako txapelketak, baina parte hartzaile gutxi izaten dira. Gehienak mundu honetan dabiltzan gurasoak dituzten neska-mutikoak dira", azaldu du Aranzabalek. "Eibarko Asola Berri, Markina-Xemeingo MX3T eta Aretxabaletako UDA dira talde handienak, eta hasita daude transmisioaren kontua lantzen. Aretxabaletan, esaterako, saioak egiten dituzten eskoletan, Markinan ere dezenteko lanketa egiten dute umeekin, eta Asola Berrin guraso diren bazkide asko izatera umeak ere ibiltzen dira. Gainerako taldeak txikiagoak gara eta gutxiago lantzen dugu, baina Elgeta leku aproposa izan daiteke horretarako; izan ere, kiroldegian dugu bolatokia. Saiakera egin beharko litzateke, esaterako, jarduera hau eskola kirola programan txertatzeko".

Gaurko tiraldia 18:00etan hasiko da eta umeak bi mailatan antolatuko dituzte; alde batetik 6-9 urte artekoak eta bestetik 10-13 artekoak.

Bolatokia erabilgarri

Bolatoki tabernako kudeatzaile Mari Carmen Salasek esanetan askotan erabiltzen da Elgetako bolatokia. "Txirloak eta bola erabilgarri daude beti, eta bolatokia ere bai. Jartzen dugun baldintza bakarra da ezertan hasi aurretik barran baimena eskatzeko". Gogotsu dago gaurko tiraldia dela-eta. Parte hartzaile asko gerturatzea gustatuko litzaioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak