Heldu zein ume, taldea 21:00etan elkartu zen plazan. Hasierako azalpenak eman zituzten Naturtzaindiako Ion Fontenlak eta Naiara Corcuerak. Gutxieneko ezagutza jaso ostean abiatu zen taldea San Roke kaletik gora urmael aldera.
Ordurako piztuta zituzten detektagailu bereziekin hornitutako gailuak, eta Andra Mari eliza parean detektatu zuten lehen saguzarra. "Pipistrelo arrunta da", azaldu zuen Naturtzaindiako Ion Fontenlak.
Urmaelerako bidean erregistro gutxi egin zituzten entzungailuek, eta urmaelean ere hasiera batean esperotakoa baino gutxiago. Taldeak, orduan, San Roke osteko pagadira egitea erabaki zuen, eta bertan oso bestelakoa izan zen egoera. Detektagailu guztiek eman zuten saguzarren ultrasoinuen presentziaren berri. Ultrasoinu mota diferenteak antzeman zituzten gainera. Horrek adierazten du saguzar mota bat baino gehiago zebilela inguruan. Lauzpabost espezie erregistratuko zirela adierazi dute Naturtzaindiako kideek, baina grabatuta gelditutako erregistroak aztertutakoan jakingo da ziur zenbat eta zein izan diren.
Irteera polita
Saguzarren inguruan gauza eta bitxikeria asko ezagutzeaz gainera, irteerak aukera eman zuen bertatik bertara eta modu oso praktikoan herrian dagoen ondare naturalaren berri izateko. Atzo, sorpresaz eta ilusioz erreakzionatu zuten umeek zein helduek detektagailuek erregistro berri bat seinalatzen zuten aldiro.
Azkarra izan arren, Fontenlaren eta Corcueraren laguntzarekin ziztu bizian hegan pasatutako saguzarren bat edo beste ikusteko aukera izan zuten elgetarrek.