Ion Fontenla: "Pipistrelo arrunta da inguruotan saguzar ohikoena; irteera antolatu dugu haiek entzuteko"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 29a, 10:15

Naturtzaindiako kide Ion Fontenla Elgetako Herri Eskolan, astelehenean.

Astelehenean Naturtzaindiako kide Ion Fontenlak (Lazkao, 1984) bi saio egin zituen Elgetako Herri Eskolan. Saguzarren inguruan aritu zen. Barikuan etorriko da bueltan; izan ere, soinu-detektagailuekin saguzarren pista jarraitzeko irteera gidatuko du. Umeak irrikaz daude. Fontenlak espero du bestelako herritarrak ere gerturatzea. Taldea 21:00etan elkartuko da plazan.

Kobazuloetan bizi dira saguzarrak?

Asko egoten dira kobazuloetan, edo, hobeto esanda, bertan ikusi ohi ditugu gizakiok, baina zuhaitzetako arrakaletan edo etxebizitzetako teila azpietan ere asko sartzen dira.

Zenbat espezie daude?

Euskal Herrian 27 espezie ditugu. Pirinioetako leku konkretu batzuetan soilik ikus daitezke bi. Gainerakoan, badaude herriguneetan bizi direnak, basoetan gehiago daudenak, garaiera handiko lekuak gustuko dituztenak... 

Eta ze funtzio betetzen dute?

Funtsezkoak dira intsektuak jaten dituztelako. Garrantzitsuak dira gizakiondako zein abeltzaintzarako izurriteak eta izurriteekin lotutako gaixotasunak ekiditen laguntzen dutelako.

Arriskuan daude saguzarrak?

Legez babestuta daude, baina nekazaritzako erabiltzen ditugun kimikoak eta bertako baso helduen falta ez dira lagungarri. Espezieak mantentzen dira, baina saguzarrak galtzen ari gara. Kutxak jartzen ditugu babeslekuak topa ditzaten eta Debagoienean dezente daude, baina bestelako neurriak ere har daitezke. Esaterako, saguzar populazio handiak dituzten kobazuloen sarrera erregulatzea.

Zer egin beharko genuke saguzar bat etxean sartzen bazaigu?

Bakarra sartzen bada, itxi gelako atea, zabaldu leihoa eta utzi bakean. Gosetu eta ilundutakoan bakarrik irtengo da. Baserri ganbara batean talde bat sartzen bada gomendioa da ahal den neurrian errespetatzea; eltxoak jaten dituzte eta osasunean irabaziko dugu. Negualdia pasatakoan irtengo da kolonia eta orduan itxi beharko litzateke ganbara berriz ez sartzeko. Arazorik sortzen bada, gomendioa da basozainari deitzeko. Naturtzaindian ere hartzen ditugu abisuak. 

Zein da asmoa barikuko irteeran?

Umeak adi-adi egon dira eskolan egindako saioetan eta asko ikasi dute. Irrikaz daude irteera egiteko. Pentsatzen du gurasoekin etorriko direla. Egia esan, irteera herritar guztiendako da. Hasiera batean ordu erdi inguruko azalpen bat emango dugu eta banatuko ditugu hainbat detektagailu. Gailu horiek ultrasoinuak jasotzen dituzte, eta aukera emango digute gure inguruko saguzarrak entzuteko. Lasai-lasai, kilometro inguruko paseoa emango dugu; ordubete asko jota. Linterna ekartzea komeni da. 

Pipistrelo arrunta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak