Elgetak hartuko du Puntaik Punta jaialdiaren zortzigarren edizioa

Txomin Madina Milikua 2024ko api. 24a, 14:19

Debagoieneko Mankomunitateak, Elgetako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduak elkarlanean antolatuta, askotariko ekintzek hartuko dute herria maiatzaren 10etik 12ra bitartean.

Puntaik Punta Debagoieneko Bidezidorren Jaialdiak Elgeta hartuko du erdigune moduan zortzigarrena izango den 2024ko edizioan. Maiatzaren 10tik 12ra egingo dute Mankomunitateak, Elgetako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduak elkarlanean antolatuta, eta publiko zabalarendako askotariko ekintzak prestatu dituzte egun horietarako. Aurreko aldiekiko berrikuntzak ere iragarri dituzte, gainera.

Hala, larunbatean senderismo eta artisautza azokak egongo dira Mendizaleen Plazan. Food track-ak ere egongo dira herrian eta ikuskizun eta ekintza bereziak egiteko aukera ere bai: GEURE(R)A dantza bertikala; pump track pistaren erakustaldia eta ikastaroa; eta txikiendako abentura gune erakargarria Bolatoki inguruan.

Mendi irteerei dagokienez, Bergaratik eta Arrasatetik Elgetara ibilaldiak egingo dituzte, baita Intxortako frontea ezagutzeko ibilbide tematiko gidatuak ere.Musikarekin lotuta, Unai Cantabrana elgetarra eta Gozategi izango dira kontzertuak emango dituztenak. Argazki rally bat ere egingo dute eta parte-hartzaileen artean, Euskadiko landa-ostatu batean egonaldi bat zozketatuko dute. Egitarau osoa, hemen.

Debagoieneko natura ondareari balioa ematen

2016an hasi zuen bere bidea Puntaik Punta jaialdiak, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen ekonomiko eta turismo batzordeko lehendakari Angel Mari Etxabek azaldu bezala, bailarako natur ondareari balioa emateko: “Debagoienak betidanik eman digu ondare naturalaz gozatzeko aukera. Daukagunen mendi-ibilbideen sarea oso handia da, eta eskualde osoa zeharkatzen du. Horren adibide da 40 bide homologatuak ditugula, GR-ak, SR-ak eta SL-ak”.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Foru diputatu Azahara Dominguezen esanetan, ekimenak bat egiten duten Aldunditik sustatu nahi duten turismo ereduarekin: “Une honetan turismoaren industria gora ari da gure lurraldean eta hori horrela, une ezin hobea da erakarri gura dugun bisitari eredua definitzeko. Ez dugu hazteagatik hazi nahi; modu jasangarrian egin nahi dugu eta guregana datozen bisitariak errespetuz eta ingurunea zainduz hurbiltzea nahi dugu. Puntaik Punta jaialdia Gipuzkoatik kanpora erakutsi nahi dugunaren erakusleiho ezin hobea da”.

Dominguezek, era berean, iragarri du jaialdia egin bitartean Lurraldebusen autobus zerbitzu bereziak egokituko dituztela zapatuan eta domekan.

Elgetako Udaleko Turismo eta Berdintasun zinegotzi Ione Elkorok, bere aldetik, jaialdira gerturatzeko gonbidapena egiteaz gain, eskerrak ere eman dizkie elgetarrei. Izan ere, Udalak Elgetako herritarren zein eragileen laguntza izango du jaialdiarekin lotutako aspektu logistikoak-eta zehazteko, eta egin dute dagoeneko horretarako lehen bilera.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak