Imanol Pradales EAJren Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaia Elgetan izan da gaur goizean, eta Eusko Alderdi Jeltzaleak "demokraziaren aldeko apustua berresten" duela adierazi du, "mundu konplexuan bizi garelako": "Europan ezker eta eskuin muturreko ideologiek gora egin dute, populismoak gora egin du, eta EAJko kideok gaurkoan askatasuna, berdintasuna, herri ardura, justizia soziala, eta balore horien guztien aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu". Haren hitzetan, "elkartasuna, elkarrizketa eta akordioak garrantzitsuak" dira, eta baita "aniztasuna" ere: "Euskal demokraziaren aldeko borroka egunero egin behar da, eta guztion ardura da, ez soilik alderdi politikoena; demokrazia egunero konkistatzen, lantzen eta eraikitzen baita".
Pradales ez ezik, Intxortako Atean eginiko ekitaldian izan dira Bakartxo Tejeria EAJren Gipuzkoako zerrendaburua eta Joseba Diez Arabako zerrendaburua ere. Horrez gain, hara gerturatu dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea.
Autogobernua hizpide
Pradalesen hitzetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak ere "Europaren tamainako erronka berdintsua" du, "populismoaren hazkundea" dagoelako; horretarako, "autogobernuaren aldeko apustua" izan du hizpide. "Erakundeak sendotu behar ditugu, gizarte ongizatearen aldeko apustua sendotzea eta indartzea oso inportantea baita demokrazia sendotzeko. Eta horrek eskatzen du herri politika sendoak izatea osasunean, ekonomian, hezkuntzan eta hainbat arlotan". Hala, erantsi du "kultura demokratikoa sendotu" behar dela, "gaurkoan ere autogobernuaren aldeko apustua" eginda, "demokrazia hobeagoa edukitzeko".