Elgetarrak prest dira bihar Korrikari harrera egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mar. 19a, 15:21
Elgetarrek barikuan Korrikaren alde ateratako argazkia.

Elgetako Korrika batzordeak antolatuta barikuan egin zituzten Korrika Kulturaleko ekintzak herrian. Bihar iritsiko da euskararen aldeko lasterketa herrira. Zain daude elgetarrak; izan ere, 2015ean pasa zen azken aldiz Korrika Elgetatik.

Uberatik gora sartuko da Korrika Elgetan bihar. Eguna argitu eta gutxira helduko da, 08:19an. Elgetako kirol elkarteek hartuko dute lekukoa –Piñukoku, Kantsatzeke, Mendi mendi racing eta Intxortako ahuntzak–. Udalari emango diote lekukoa eta Korrikak Elgetan egingo duen lehen kilometroa amaituta Euskal Mendizale Federazioak hartuko du lekukoa. Aurten betetzen dira 100 urte mendi federazioa Elgetan sortu zela. Hala, Elgetan egingo dute kilometroa. Behetik gora ekarriko dute Korrika mendi federazioko kideek

Herrigunera gerturatuta, herriko elkarte gastronomikoen txanda izango da –Ozkarbi, Intxorta, Gure Borda eta Mendi Mendia–. Kilometro erdi egingo dute lekukoarekin eta eskola komunitateari pasako diote testigua. Eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek eramango dute lekukoa erdigunean eta Kataiko arkua pasa ostean Aixolarako bidean jarriko dute.

San Juan baserrirako bidegurutzean egongo dira prest Goibeko euskara elkarteko lagunak. Zaldibarrerako bidean jarriko dute Korrika eta 1502. kilometroa egin ostean Recyde enpresako LAB sindikatuak egingo du azkena Elgetako lurretan. Urbedeinkatua etxearen parean jasoko dute lekukoa Zaldibartarrek.

Txokolate beroa plazan

Aurreikusita dago Korrika 08:19an helduko dela Elgetara eta bost kilometro egingo ditu herrian. Antolatzaileek aurreikusten dute 08:45ean jasoko dutela lekukoa Zaldibartarrek.

Behin Elgetako ibilbidea eginda txokolate beroa eskainiko dute Ozkarbi elkarteko kideek, elkartean bertan. Indarrak berreskuratzeko eta bizi izandakoak konpartitzeko unea izango da.

Zuzenean ikusgai Goienan

Korrikak Debagoienean egiten dituen kilometroak zuzenean eskainiko dituzte bai Goiena telebistak bai Goiena.eus atariak; tartean Elgetakoak. Hemen Debagoiena saioa, berriz, Korrikari eskainia izango da oso osorik bihar –18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan–.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak