Elgetan ere eratuta dago udalbatza berria. EH Bildutik Ibon Unzetabarrenetxeak, Maialen Arnedok, Jone Elkorok, Kepa De Vegak, Miren Ibarbiak eta Saioa Alberdik hartu dute kargua. EAJtik, berriz, Iker Lakak, Mikel Larreak eta Josu Leturiak.
Udal idazkari Gotzon Goikoetxeak horrela aginduta Adinekoen Mahaia izendatu dute. Jone Elkorok eta Mikel Larreak osatu dute.
Alkatea aukeratzeko txanda heldu da ondotik. Alkatetzarako hautagaitza bakarra egon da, Ibon Unzetabarrenetxearena. EAJk ez du hautagaitzarik aurkeztu. EH Bilduko ordezkarien aldeko sei botoekin eta EAJko hiru zinegotzien abstentzioarekin Ibon Unzetabarrenetxea izendatu dute alkate.
Txaloekin hartu dute izendapena osoko bilkuren aretoan bildutakoek eta zortzi urteotan alkate karguan egondako Iraitz Lazkanoren eskutik jaso du aginte-makila Unzetabarrenetxeak.
Labur hartu du orduan hitza alkate berriak. Herritarrek EH Bilduren hautagaitzan jarritako konfiantza eskertu du eta orain konfiantza hori bueltatzeko unea dela esan du. Lantaldeko kideen ekarpena eskertu du eta baita ere aurreko agintaldietan EH Bilduko ordezkariek egindako lana.
Iraitz Lazkanok ere hitza hartu du, batez ere eskerrak emateko eta lantalde berriari indarra emateko. Aginte-makila eman dio ondoren Unzetabarrenetxeari. Argazkien eta zorion agurren txanda izan da gero.
Unzetabarrenetxeak esan du hilaren 26rako deituko dutela osoko bilkura eta orduan banatuko direla batzordeak eta ardurak. Adierazi du tarte horretan elkartuko direla EAJko ordezkariekin amankomunean egon daitezkeen esparruak definitzeko.
Zentzu berean egin du berba EAJko ordezkari Iker Lakak. Esan du eskatua diotela bilera EH Bilduri eta programak bateratzen saiatuko direla batera datozen puntuak identifikatzeko. Guztia ondo baloratu ostean erabakiko dute udal gobernuan sartu eta oposiziotik jardun. Kasu batean zein bestean lan eraikitzailea egin nahi dutela azpimarratu du.