Urtarrilean irabazi zuen Danbakako Publikoaren Saria Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak, botoen %15,82 eskuratuz. Horri esker, haren lehenengo bideoklipa grabatzen hasia da abeslaria, eta, hasi berri den arren, emaitza ikusteko "gogotsu eta irrikan" dagoela aitortu du.
Omen ala behar izan da bideokliperako aukeratu duen kantua, Danbaka aurretik idatzi zuen azken abestietako bat. Haren "sentipenetan oinarrituta" , ibilbide artistikoa markatuko duen abestia aukeratu zuen oñatiarrak: "Ehuneko ehunean neure burua aurkitu nuen abestian".
Izaerari fidela
"Nondik hasi behar den garrantzitsua da norantz abiatzen garen ikusteko". Hala adierazi du. Eta hortik hasi da Aiert Alberdi, barnetik eta hasieratik: "Abestiak nik konposatzen ditut; beraz, autobiografikoak dira guztiak. Omen ala behar kantu akustiko baina elektronikoa da, eta, nolabait, nire zigilua izango duen abestia ere bada".
Hori izan da hartutako lehenengo erabakia, abestia aukeratzea. "Bakarka aukeratu dut; eta ostean lantaldean egin da edo erabaki da ia dena", dio Alberdik. Guztien aportazio eta ideiekin abestiarekin eta abeslariaren izaerarekin "bat zetozenak" aukeratu zirela ere gaineratu du.
Momentu eta erabaki orori "fidela" izaten saiatu dela aitortu du Alberdik. Abeslari oñatiarraren lehenengo bideoklipa izateak ez du esan nahi ezaugarri txikietan erreparatu ez duenik; janzkeratik hasita paisaietaraino, guztiak du garrantzia
haren lanean, eta honela adierazi nahi izan du: "Argi neukan estetika guztiak garrantzi handia eduki behar zuela bideoklipean: paisaiak, makillajeak, jantziek, set-ak eta guztiak".
Buruko ideien zergatiari arrazoiak aurkitu beharrean, senak zioenari jarraitzea ere hartutako beste erabakietako bat izan da: "Paisaia lehorrera zerk eraman nauen ez dakit, baina eramaten banau zerbaitegatik da; beraz, horri ere zintzotasuna zor diot".
Mundu berria
Abestia grabatu eta gero, behin bideokliperako paisaia eta lekuak aukeratuta, egun osoko bi grabaketa egingo dira: lehena Elgetako Espaloia antzokian egin da, eta datorren astean egingo da bigarrena, Trebiñu inguruko meategietan. Abeslariaren hitzetan, kantuak eramaten duen toki hori bilatzea "kostatu" arren, aurkitu dute, azkenean, guztiak "harritu" dituen leku lehorra.
Ezezaguna duen bidean murgilduta, "mundu berri bat deskubritzen" hasi da abeslaria, kameren aurreko mundua: "Zerbait berria da, ez abestia bakarrik, guztia sortzearen prozesua, baina poliki-poliki badoa prozesua aurrera. Aukeraketak egin ostean hasi gara grabaketekin; urtarriletik denbora asko pasa da eta proiektuarekin hasteko gogoz nengoen".
Amaierako emaitza
Dena ondo bidean, bideoklipa uztailean aurkeztuko du. Eguna iristeko "desiratzen" dago. Abao Komunikazio Agentziako profesionalen lana ikusteko gogoz ere bada honakoa idazten duena.