Ixotzen Koop. S. ofizialki eratzeko batzarra eginda dago. Horrela adierazi dute ordezkariek. "Batzarrean izendapenak eta estatutu sozialak onartu, eta orain dokumentazio guztia notarioaren esku utzi dugu. Hurrengo astetan onarpen ofiziala jasotzea espero dugu eta horren ondoren ekingo diogu bazkidetza kanpainari".
Iazko urriaren 7an ekin zieten energia komunitatea sortzeko lan bilerei Elgetan. Ordutik hainbat lan bilera egin dituzte hainbat herritarrek Udalaren, Goiener kooperatibaren eta D2030 erakundeen babesarekin. Kooperatibaren jendaurreko aurkezpen ekitaldia martxoan egin zuten.
Kontsumo ereduen lehen azterketa
Lehen proiektua frontoiko teilatuan 45 kilowatteko instalazio fotovoltaikoa egitea izango da. Egitasmoaren bideragarritasuna baloratzeko, interesatuen kontsumo-ereduen azterketa egin behar da eta interesa duten herritarrei datuak partekatzeko eskaera egin zitzaien lehen azterketa bat egiteko.
"Orain arte 57 pertsonek –tartean elkarte gastronomiko batek– erakutsi dute interesa ekimenean; horietatik 44 pertsonek bazkide izateko interesa adierazi dutelarik eta 49-k autokontsumo partekatuko proiektuan parte hartzeko lehenengo azterketa egitekoa. Pertsona hauetako gehienek –47– beraien datuak elkarbanatu dituzte gurekin eta hasiak gara pertsona hauen kontsumo ereduak aztertzen. Epe motzean lehenengo datuak edukiko ditugu".
Udala, bestalde, energia-kooperatibako bazkide-laguntzailea izango da. Martxoko osoko bilkuran onartu zuen erabakia udalbatzak.