Ixotzen energia-kooperatibako bazkide-laguntzailea izango da Elgetako Udala

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mar. 31a, 18:55

Martitzeneko osoko bilkuran elkartutako udal ordezkariak.

Martitzenean egindako osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak. EH Bilduko sei zinegotziekin egin zen bilkura; izan ere, ez zen bertaratu oposizioko ordezkaririk.

Udalbatzak hamaika puntuko gai-zerrenda izan zuen mahai gainean martitzeneko osoko bilkuran. Horien artean, Udala bazkide-laguntzaile bihurtu da sortze bidean den Ixotzen energia berriztagarrien kooperatiban. 1.000 euroko ekarpena egingo du, eta, gainera, 3.000 euroko beste ekarpen bat egingo du. "Kooperatibak gutxieneko kapital hori behar du formalki osatzeko. Hasieratik Udalak bultzatutako proiektua izan da eta Fagorrek ere agindu du bazkide-laguntzaile izango dela; 11.000 euro inguruko ekarpena egingo du. Pagatza Taldeak ere hartuko du parte", azaldu zuen alkateak. Aurrerantzean, Udalak ordezkari bat izango du kooperatiban.

Kreditu aldaketak 2022ko aurrekontuan

Bestetik, 92.000 euroko kreditu aldaketa-espedientea onartu du udalbatzak 2022ko aurrekontuaren transferentzien atalean. Aurrekontu horretako hainbat diru-lerrotan izandako gorabeherak koadratzeko hartutako erabakia dela azaldu zuen Iraitz Lazkano alkateak. "Behera egin duten diru-lerroen artean nabarmentzen dira 15.000 euroko jaitsiera, San Roke ermitako teilatuan ez delako momentuz ezer egin, eta 11.000 euroko jaitsiera, lursailen digitalizazioan espero baino gutxiago gastatu delako".

Gora egin duten diru-lerroen artean nabarmentzen dira frontoiko plaka fotovoltaikoak ipintzeko 14.000 euroko gehikuntza, eskolako mantentze-lanetarako 10.000 eurokoa, herriko jaietarako 8.400 eurokoa, energia-komunitatearen sorrerarako 8.300 eurokoa eta kultura etxeko galdara aldatzeko 6.100 eurokoa.

Bestelako kreditu aldaketak ere egin dira transferentzien ataletik kanpo. Nabarmentzen dira 31.000 euroko gehikuntza eguneko zentroaren zerbitzuarengatik eta 2.000 eurokoa etxe tutelatuaren zerbitzuarengatik. Gehikuntza horiek, besteak beste, Foru Funtsetik estaliko dira. "Idazkari kontu-hartzaileak txostena egin du eta 400.000 euroko defizita irteten da. Zifra deigarria izan daiteke, baina horrek ez du esan nahi Udalean zulorik dagoenik aurrekoan hemen entzun genuen bezala. Guztiz kontrakoa da. 318.000 euro gerakinetik finantzatu ditugu, eta horrek defizit moduan kontatzen du. 2022ko likidazioa ez daukagu oraindik, baina aurreikusten dugu 300.000 euro inguruko gerakina egongo dela", zehaztu zuen Iraitz Lazkano alkateak.

ELE ordenantza

Elgetako Udalbatzak, bestalde, hasierako onarpena eman dio Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) aplikatzeko ordenantzari. Udalerriaren garapenari eragiten dioten planek eta proiektuek hizkuntza-inpakturik izango duten aurreikustea eta neurriak hartzea ahalbidetuko duen tresna da, eta UEMAk garatutako metodologia du oinarri. Hala, herriko planei eta proiektuei jarraipen sistematikoa egingo zaie, eta, horretarako, eragin linguistikoa ebaluatzeko batzordea izendatuko da. "Plan publikoendako zein pribatuendako da", azaldu zuen Lazkanok.

Hitzarmenak eta akordioak

Udalbatzak, azkenik, oniritzia eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamentuak eta Udalak informazioa trukatzeko hitzarmenari zein botiken erabilera optimizatzeko Gipuzkoako Botikarien Elkargoaren eta Udalaren arteko hitzarmenari.

Azken horren baitan, maila batetik gorako mendekotasun duten herritarrek aukera izango dute herriko botikak eskaintzen duen jarraipen zerbitzua eskatzeko.

Azkenik, Gizabidea Fundazioarekin bi lankidetza-hitzarmen sinatuko ditu Udalak: bata Debagoiena aukera energetikoak 2030 proiektua garatzeko eta bestea Ikastetxeklik egitasmoa babesteko. Hurrenez hurren, 2.400 eta 1.750 euroko ekarpenak egingo ditu Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak