Euri arriskua zegoela-eta, Elgetako kafe antzokian egin dute hasiera batean Mendizaleen Plazan egitekoa zen ekitaldia, eta esan daiteke txiki gelditu dela Espaloia. Jendez lepo bete da, eta hunkigarria bezain jendetsua izan den oroimen-ekitaldia egin dute.
Omenduen senitarteko ugari gerturatu da, eta baita ere gertatutakoa ahanzturan ez erortzea garrantzitsua dela uste duten norbanako ugari. Joseba Tapiak eman dio hasiera ekitaldiari Agur Intxorta maite diskoko Ekaitza kantuarekin. Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikanoaren bertsoekin osatutako abestia, hain zuzen ere.
Jarraian, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik hartu du hitza Elgetaren bonbardaketa eta jarraian gertatutakoak testuinguruan kokatzeko. Elgetako alkate Iraitz Lazkanok hartu dio lekukoa testuinguru historikoarekin jarraitzeko eta elgetarrek –Angiozar eta Ubera barne– jasandako sufrimenduaren nolakotasuna azaltzeko.
Gaurko ekitaldian gerran hildako 39 lagun eta espetxeetara zein lan-batailoietara bidalitakoak 72 izan dituzte gogoan. Banan-banan esan dituzte izenak, eta gehienak nondik nora ibili ziren ere azaldu dute. Lore-eskaintzarekin eta aurreskuarekin amaitu da ekitaldia.
Urteetako jazarpena
Omenduen senitarteko ugari izan da ekitaldian. Horietako hirurekin hitz egiteko aukera izan du GOIENAk.
Juan Mari Azkarateren aita izan da, esaterako, omenduetako bat. "Hainbat batailoitan ibili zen gerran, gehienbat Loiola batailoian, eta horiek denak pasa eta gero Laredon atzeman zuten agertu ez zen Habana itsasontziaren zain zegoela. Puerto de Santa Mariara eraman zuten ganaduarentzako zen tren batean, eta handik Afrikara. Bueltan langile-batailoietan ibili zen hemen bertan. Kartzelan ere urte batzuk egin zituen; ez dakit zenbat. Uste dut ez zutela fusilatu pelukeroa zelako eta ofizialei ilea mozteko behar zutelako (…) Ez ziren sekula lasai bizi izan. Libre utzi eta gero ere denbora luzean jaitsi behar izaten zuten astean birritan Bergarara Guardia Zibilaren kuartelera sinatzera. Felipe Arantzetarekin batera jaisten zen gure aita, eta behin elurte handia bota zuela-eta ez jaistea erabaki zuten. Bazuten beldurra atzera ere barrura sartuko ote zituzten, baina ez zen inor kontu eske etorri, eta horrela amaitu ziren kuartelerako joan-etorriak", azaltzen du Juan Mari Azkaratek.
Angiozarko Manuel Gallastegi Elejalde ere gaurko omenduetako bat izan da. Tere Gallastegi alaba bertan zen familia osoarekin. "Bi anai joan ziren gerrara, eta Asturiaseraino heldu ziren. Ihesi zoaztela anaia bota zuten, eta haren bila itzuli zirenean ez zuten gorpurik ere aurkitu. Hil eta errekara bota zutela esan zieten. Aita etxera itzuli zen, baina lan-batailoietan ibili behar izan zuen. Gaurko ekitaldia zoragarria iruditu zait. Antolatzaileak zoriondu nahi ditut bihotz bihotzez. Guretzako oso garrantzitsua da gurasoak eta haiekin batera hain gaizki pasa zutenak horrela gogoratzeko aukera izatea".
Nerea Arantzetaren aitak hemeretzi hilabete egin zituen preso Afrikan. "Gizon oso handia zen eta 45 kilorekin itzuli zen. Bueltatu zenean ez zuen inork ezagutu. Oso gutxi hitz egiten zuen gertatutakoaz. Ez zuen nahi izaten kontu horiei buruz hitz egiterik. Badakit lan-batailoietan ibili zela, baina ez dakit non. Ez zuen nahi izaten hitz egiterik".
Hiru adibide besterik ez dira. Gaurko oroimen-ekitaldian egia, justizia, erreparazioa eta halakorik berriz ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte.