Gerrako umeei omenaldia Donostian, martxoaren 18an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 7a, 15:31

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 36ko gerrako ume gipuzkoarren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa amaitu dute, eta ikerketari amaiera emateko omenaldia egingo diete bizirik dauden gerrako 140 umeei. 

Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Duela bi urte abiatutako ikerketa amaitutzat eman dute baina izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dituzte.

Gaur egun 140 daude bizirik

Ikerketari amaiera emateko omenaldia egingo diete bizirik dauden gerrako umeei.  Martxoaren 18an izango da omenaldi hori, Donostiako Kursaalen, goizeko hamaiketan. Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Julia Mongeren arabera, kontabilizatu dituzte 140 direla gaur egun bizirik dauden gerrako umeak, baina baten batek gonbidapena jasoko ez balu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko eskatu zuen atzoko prentsaurrekoan. Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko 943 11 39 65 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.

Bestalde, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendari Ion Gambrak azpimarratu zuen gerrako ume horiek duten garrantzia memoria historikoa eraikitzeko orduan. "Gerrako umeak pieza garrantzitsuak dira gure herriaren memoria eraikitzerakoan, eurak dira-eta gerra lehen pertsonan ezagutu eta zuzeneko testigantzak emateko aukera duten azken protagonistak".

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak lan handia egin du gerrako  umeekin, eta Debagoienean hasitako ikerketa Gipuzkoa osora ireki izana eskertu diote Diputazioari.

Esandako moduan, 36ko Gerrako umeen memoria berreskuratzeko duela bi urte sinatutako lankidetza-hitzarmena sinatu zuten bi aldeek. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterriarekin, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, euren argazki eta azalpen labur batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak