Bihar goizean esnatuko da hartza Elgetan. Une horretatik aurrera hasiko da koko-batzea baserriz baserri, eta bigarren aldi honetan Ikatzarren, Pagatzan, Olaegin, Seston, Arrotan eta Olatzan izango dira kokoak goizez. Arratsaldean, berriz, Antzuategi Erdikoan eta Otolan egingo dute dantzan eta kantuan. "08:00etan elkartuko gara Ozkarbin. Gosari ederra egingo dugu eta 09:00etan irtengo gara. Goizeko saioa amaituta, 15:00 aldera bazkalduko dugu Ozkarbi elkartean, indarberritu eta arratsaldeko saioari hasiera emateko", azaldu du Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko presidente Ainara Iribarrek.
Konpartsa handiagoarekin aurten
Aurten herritar gehiagok eman dute izena koko-batzean parte hartzeko. Hala, konpartsa handiagoa izango da eta pertsonaia berriak gertatu dituzte: "Azeri-ehiztariak, alarguna, ezkongaiak... Berritasunak badaude, bai, eta pozgarria da hori. Aste erdian heldu ginen aurreko urteko kopuruetara izen-emateari dagokionez. Bazkaltzeko azkoz leku gehiagorik ez daukagu, baina konpartsan ateratzea libre da".
Iluntzeko saioa, plazan
Baserriz baserri ibili ostean helduko da konpartsa Salbador kalera. "16 urtetik gorakoendako da koko-eskea, baina jakin 18:00etan elkartuko garela herriarekin Salbador kaleko goiko aldean. Zain izango dugu Ustekabe txaranga eta denok batera egingo dugu plazarainoko bidea. Proposamena da denok batera egitea jaitsiera hori eta ondotik etorriko den azken saioa plazan. Etxeko arropa zaharrak jantzi eta etorri arratsalde-iluntze pasa kokoekin egitera", esan du Iribarrek.
Prestaketa-lan handia dago koko-batzearen atzean. Partaideek gaur egingo dute azken bilera, gimnasioan, 19:00etan. Dantzak eta koplak errepasatzeko eta azken egitekoak lotzeko izango da.
Eskolatik erakusketa bisitatzera
Aste barruan herri eskolako hainbat talde zeramika gelan dagoen erakusketa ikusten izan dira. Hartza, sasi-kartia, burburixuak, masustak, gorrixak... Konpartsako pertsonaien izenak eta koko- batzearen esanahia ezagutzen izan dira. Etorkizuneko kokoak dira eta Goibekotik garrantzi handia ematen diote transmisioari.