Neguko lehen elurteak hamar bat zentimetroko elur-geruza ekarri du Elgetara

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urt. 18a, 14:29

Zurituta esnatu da gaur Elgetan. Iragarpenek ez dute hutsik egin eta errepideak eta espaloiak garbitzeko lanetan aritu dira asko eta asko. Ondorengo orduetarako elur-kotak gora egitea aurreikusten da, baina hoztu egingo du eta izotz arriskua egongo da. Txanponaren beste aldean, gaur, herriko neska-mutikoa festa. 

Iragarri moduan zurituta esnatu da Debagoiena. Elgetan, esaterako hamar bat zentrimetroko elur-geruzarekin eman diote hasiera egunari. Horrelakoetan ohi den moduan, autoei elurra kentzea eta garaje atariak garbitzea izan da elgetar askoren lehen egitekoa. Beroki, txano, eskularri eta bota bereziak jantzi eta pala eskuan aritu dira asko eta asko.

Dezente bota da, eta goizean goizetik ibili dira bide eta errepide nagusiak garbitzen elurra kentzeko hainbat makina. Herri barruko kaleetan ibili da udaletxeko makina, eta Eibarreko eta Bergararako errepidean, berriz, Foru Aldundikoak.

Bergarako errepidea erabili

Elgetarrek jakin badakite Bergararako errepidea dela makinek lehentasunez garbitzen dutena, eta goizean goiz zenbait zirkulazio arazo sortu badira ere, 9:00ak bueltarako zabalik zen, eta laster agertu dira herrian banaketa enpresetako lehenengo kamioiak.

Udaletxeko atarian gertu zeuden atzotik gatz-zakuak eta palak premia izan duten herritarrek eskura edukitzeko. Udal brigadako langileak ere goizean goiz hasi dira herri barruko errepideak, espaloiak eta zerbitzu nagusietako sarrerak garbitzen; izan ere, elur dezente bota du. 

Herritik kanpo lan egiten duten herritarrak ere kezka puntu batekin ibili ohi dira elurra egiten duen egunetan. Gaur ez da salbuespena izan.

Umeak jolasean

Gradu bat markatzen zuen botikako termometroak goizeko bederatziak eta laurden inguruan. Hotza esango luke askok, baina herriko gazteenen artean ez da halako beldurik sumatu.

Festa poliza zen gaur goizean Herri Eskola atarian. Ikasle asko eta asko patinetean beharrean leran gerturatu da eskolara, eta institutuko ikasle asko batu dira elur bolen demara. Gehienak ez dira gaur Bergarara jaitsi, besteak beste, goizeko autobus zerbitzua bertan behera gelditu delako. 

Ondo konpondu dira guztiak. Berehala inprobisatu dute aldapa lerarekin jolasean egiteko. Atzo iluntzeko elur-bustia ikusita antzemana zioten gaur seguruenik elurra izango zela herrian. 

Kontuz orain ondorengo orduetan. Ez hartu ibilgailurik behar beharrezkoa ez bada, ondo aparkatu, eta kontuz oinezko joan-etorrietan ere; izan ere, izotza egingo du ondorengo orduetan eta erorikoak gertatzen dira halakoetan. Eta kontuz, baita ere, teilatuetan pilatutako elurrarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak