Berriro esnatuko da hartza Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urt. 14a, 17:19

'Gorrixa'k eta hartza, Albitxu baserrira iaz egindako bisitan.

Otsailaren 11n izango da koko-batzea. Goibekok bultzatuta, hasita daude antolaketa bilerak. Aurreko urtean berrabiarazitako bidetik, jantzi tailerrak, erakusketa, dantza eskolak eta egun osoko baserriz baserriko eske-erronda daude iragarrita.

Iaz berreskuratu zen koko-batzea herrian eta 16 urtetik gorako 60 bat herritar batu ziren ekimenera. Kopuru horri baserritarrek egindako harrera gehitu behar zaio. Antolatzaileek eta parte hartzaileek oso balorazio positiboa egin zuten eta ausartu ziren esatera hartza berriz ere esnatuko zela Elgetan. Bada, horrela izango da: otsailaren 11rako iragarri dute koko-batzea eta antolaketa lanetan hasita daude.

Iaz egin zen konpartsako pertsonaien jantziak eta materiala prestatzeko ahalegin handiena, eta aurten horiek berriz prestatu eta, ahal dela, konpartsa handitzea eta aberastea izango da helburua.

Konpartsa handitu

Hartza da pertsonaiarik garrantzitsuena. Inguruan izaten ditu mamarruak, burburixuak, sasi-kartia, masustak eta gorrixak. Zuri-gorri jantzita, azken horiek gazteenak dira –20 urtera artekoak–. Aurten estreinatuko dira 2006ko kintoak.

Egun osoko koko-eskean herriko hamar bat baserritara heltzea da asmoa, eta, iaz ez bezala, aurten errepidearen beheko aldekoen txanda izango da. Ikatzarre, Antsuategi eta Sesto baserrietan eman dute baiezkoa; Olaegi auzunean ere bai. Gehiago ere batuko dira hurrengo egunetan. Iaz moduan, gosaria eta bazkaria Ozkarbi elkartean izango dira.

Ordu erdi inguru egingo du konpartsak baserri bakoitzean. Baserritarrekin egon, koplak abestu, dantzan egin eta mokadutxo bat hartzeko tartea izango da.

Prestaketa-lanak

Jostun taldea martxan da dagoeneko. Lan handia egin zuten iaz eta erronka aurten da azeri jantziak ere egitea. Horrekin batera, erakusketa prestatuko dute zeramika gelan. Aurten, herriko materialarekin osatuko dute. Asmoa da hurrengo barikuan zabaltzea. Koko-batze eguna heldu bitartean barikuetan, zapatuetan eta domeketan izango da zabalik.

Koko-eske egunean abestekoak diren koplak eta dantzatzekoak diren piezak gogora ekartzeko saioak izango dira hurrengo lau barikutan, 19:15ean.

Eske-errondaren funtzioa

Alboratutako ohitura bat berreskuratzeaz gainera, kokoek baserritarrengana egiten duten bisitak komunitatea lotzen du. Harreragile/bisitari dinamikaren bueltan gazteek ikasten dute herriaren lurraldetasuna, ze bide dauden toki batetik bestera joateko, etxe bakoitza non dagoen eta nor bizi den bertan.

Euskararen arnasgune ere izan nahi du ekimenak. Goibeko Euskara Topagunearen helburu nagusietako bat da.

Erlazionatuak

Koko-batzea argazkitan

Oihana Elorza Gorostiza 2022 ots 19 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak