Elgetan, gaur egun, alboratuta dago koko-batzea. Gaiarekin lotuta Ahotsak.eus egitasmoak Elgetan jasotako lau lekukotzarekin hasi eta amaitu zuen hitzaldia Araolazak. "Inauterien gako guztiak daude lekukotza horietan, Inauteri osoa: eske erronda, koko-jantzia, kantua, zarata eta pertsona desitxuratzea", esan zuen.
Azaldu zuen bi Inauteri eredu nagusi daudela: disfrazaren Inauteria eta mozorroen Inauteria. "Disfrazatzea da beste itxura bat hartzea, baina identitatea galdu gabe. Ikusgarritasuna da helburua, eta ahalik eta ederren agertzea publiko baten aurrean. Hala, protagonista aktiboak eta ikusle pasiboak daude. Mozorroen Inauteria oso bestelakoa da. Bizitzeko Inauteria da eta guztiak dira aktiboak nahiz eta batzuk harreragileak izan eta besteak bisitariak. Gero, helburua da inork ez ezagutzea eta identitatea galtzeraino desitxuratzea. Anonimotasun hori oinarri-oinarrizkoa da. Askatu egiten gaitu gure irudi publikotik, eta aukera ematen digu egun batez nahi duguna izateko eta nahi dugun moduan jokatzeko".
Koko-batzearen osagaiak
Nazioarteko jaiak dira Inauteriak eta hainbat adibide deigarri eman zituen Araolazak hitzaldian. "Behin eta berriz errepikatzen den festa errituala da, eta gurean behin eta berriz errepikatzen diren osagaiak ditu". Aipatu zituen jantzien nolakotasuna, eske errondaren funtzioa, parranda giroa, komunitatearen batura eta gazteen igarobide errituala helduen mundura.
Jantziei dagokienez, kokoa etxean dauden osagaiekin sortzen dela esan zuen. "Nahikoa dira lau trapu zahar", eta aipatu zituen pertsonaia eta osagai berezi batzuk: "Hartza, aurpegi beltzak, txuntxurroak edo kapela konikoak, joareak edo zintzarriak, loredun kapelak...".
Azpimarratu zuen, baita ere, kokoek baserritarrengana urtero egiten duten bisitaren funtzioa. "Komunitatea lotzen du eta gazteei eskaintzen die aukera helduen komunitatean lehenengo urratsak egiteko".
Gehiago esan zuen Araolazak. Azaldu zuen gazteak direla benetako protagonistak. "Plana da parranda egitea baserriz baserri jasotakoarekin, eta ez da arinkeria bat. Baserriz baserriko ibilbide horretan etorkizunean helduen komunitateko kide oso izango diren gazte horiek ikasten dute herriaren lurraldetasuna, mugak, bakoitza non bizi den, ze bide dauden toki batetik bestera joateko, etxe bakoitza non dagoen eta nor bizi den bertan... Gaztea, azken finean, etxe guztietatik pasatzen da urtean behin, eta horrek ezagutza ematen dio bera parte izango den komunitate horren lurraldetasunaren inguruan".
2022ra begirako egitasmoa
Goibeko elkarteari gustatuko litzaioke urtebeteko epean gaia landu eta koko-batzearekin hastea 2022ko Inauterietan. "Honekin hasi ginenean harrigarria izan zen ikustea nola Elgetako jende batek argi eta garbi esaten zigun koko-batzea egiten zela herrian. Beraz, ez dago hain urrun, baina guk hortik ez dugu jan ezer!", azaldu zuen Goibeko elkarteko kide Iban Arantzabalek.
Zertan eta nondik hasi erabakitzeko dagoela esan zuen. "Kontua ez da lehenago egiten zutena egitea. Gutxi asko, etxeko trapu zaharrak ateratzera animatzen bada jendea nahikoa da. Denboraz gabiltza. Ziurrenik, irailean hasiko gara berriz honekin zarata ateratzen".
Ondo baloratu zuen hogei bat lagun elkartu izana hasierako hitzaldian, eta bi erronka azpimarratu zituen: "Komunitatea eta herrigintza adin eta pentsaera askotariko jendeak batera egiteko festa egun bat, eta 16-22 urte bitarteko jendea erakartzea. Badakigu gustatu egingo zaiela, baina ez dugu oso argi zelan erakarri".