Kokoak eta koko-eskea bueltan ekartzeko lanean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 2a, 10:00

Kokoak, orain dela hiru urte, Eibarren. (Felipe Loiola - Kezka dantza taldea)

Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak lan-ildo berrietan murgiltzeko asmoa agertu du, eta horien artean da Aratusteetako koko-eskea berreskuratzea. 2022ko Inauteriei begira daude, eta Oier Araolazaren hitzaldi bat antolatu dute otsailerako.

Baliteke 2022ko Aratusteetan herrian aspaldi ikusi gabeko koko-eskea egitea Elgetan. Aurreko belaunaldietako elgetarrek utzitako lekukotzek erakusten dute koko janzten zela jendea herrian, eta koko-batzea edo koko-eskea ere egiten zutela baserriz baserri. Juan Erostarbe Olañetak, Juanita Beretxinaga Garitaonandiak eta Sebastian Atorrasagasti Aranak testigantza bana utzi zuten Ahotsak.eus egitasmotik egindako grabazioetan. Entzuteko moduan daude atari horretan bertan. "Testigantza horiek entzunda baieztatu dugu Elgetan ere egiten zela koko-batzea, eta interesgarria iruditzen zaigu berreskuratzeko ahalegina egitea, baita ere belaunaldi berriei begira", azaldu du Goibeko elkarteko presidente Ainara Iribarrek.

Iaz ekainean bete zituen 25 urte Elgetako euskara elkarteak. "Ezin izan genuen urteurrena nahi moduan ospatu. COVID- 19ak baldintzatu zituen gure asmoak, eta aurtengorako ditugunetan ere eragingo du, seguruena. Egoera nahasi hau baliatu nahi dugu elkarteak datozen urteetarako dituen lan-ildoak eguneratzeko, eta 2021eko lehenengo sei hilabeteetan lan-ildo horiek landu nahiko genituzke", azaldu du Iribarrek.

Lan-ildo horien artean daude, esaterako, Elgetan euskararen erabilera indartzeko ekimenak bultzatzea, euskarazko kalitatezko kultura ekintzak aurrera eramatea eta galtzen ari diren ohiturak errekuperatzea eta indartzea. Atal horretan sartzen da Elgetako koko-batzea berreskuratzeko lehenengo urratsak egitea.

Goibeko elkartean argi dute 2021eko Aratusteak ezingo direla urtero moduan ospatu, eta Elgetan egin ohi zen koko-eskea berreskuratzeko lanketan murgilduko dira, besteak beste, pandemiak jarduera nagusiak bertan behera uztera behartutako egoera honetan. Hala, 2022ko Aratusteei begira daude. Euskara elkarteak azaldu du asmoa dela koko-batzeari hasiera emateko gauza xumeren batekin hastea.

Lehenengo, hitzaldi bat

Gehienendako berria den gaiaren inguruan janztea izango da lehenengo egitekoa. "Hitzaldi bat antolatu dugu, koko-batzea gai zentraltzat duena. Eibarren 2008an berreskuratu zuten koko-eskea, eta, hogei urte baino gutxiagoan zein garapen izan duen ikusita, egoki ikusi dugu Oier Araolaza Elgetara gonbidatzea. Besteak beste, antropologoa, Kezka dantza taldeko partaidea eta Dantzan.eus egitasmoko kidea da, eta jakintza handia du euskal Inauterien inguruan".

Hitzaldi hori otsailaren 10erako iragarri dute. "Nahiko genuke lehenengo hitzordu horretara gaiarekin interesa duen herritar oro gerturatzea. Ez da soilik Goibeko elkarteko bazkideendako antolatutako hitzaldi bat. Koko-eskea ere ez, bestalde. Hala, neurtuko genuke ze interes maila dagoen herrian, eta nortzuk eta zenbat garen lanketa honetan parte hartzeko prest gaudenak".

Zer eta nola egin erabakitzeko urratsak etorriko dira ondoren. "Koko-eskea egiteko beste lagun bagara? Zelakoak behar dute izan koko-jantziek? Eta musikak? Eta konpartsako pertsonaiek?...". Goibekok irailean hasi nahiko luke horri guztiari forma ematen. Dantzak ikasi behar badira dantzak ikasten, koplak abestu behar badira koplak ikasten...". Helburua da, gehienbat, herriko jendea eta, bereziki, gazteak inplikatzea", azaldu dute.

Festarik nazioartekoenetakoa

Munduko leku askotan ospatzen dira Inauteriak. Araolazaren ustez, festarik nazioartekoenetakoa da: "Tokian-tokian ere ezaugarri propioak ditu, eta hori ere oso polita da. Hau da, konturatzea nola festa bera ospatzen den ia mundu osoan, baina festa ospatzeko modu desberdinak dauden, eta, ia-ia, herriz herri".

Ospatzeko modu asko, gainera, desagertzen joan dira, eta arrazoi eta gako ugari egon daitezke horren atzean. "Euskal Inauterietan ezagunenak direnak ere une batean edo bestean berreskuratuak izan dira. Hau da, hainbat hamarkadatan ospatu gabe egon ondoren berregin ziren". Araolazak azaltzen du Lantzeko Inauteriak 60ko hamarkadan guztiz etenda eta desagertuta zeudela, Altsasuko Inauteriak 80ko hamarkadan berreskuratu zirela, Lapurdiko Inauteriak ia erabat desagertuta egon zirela eta 80ko hamarkadatik aurrera hasi zirela berreskuratzen. "Eibarko koko-dantzei 2008an ekin genien, eta, gaur egun, ematen du betidanikoa dela; batez ere, gazteentzat. Eta egia da haientzat horrela dela; izan ere, beti ezagutu dute".

Etxerik etxe eskean joateko egin-moldea neguko festetan behin eta berriz errepikatzen den zerbait dela ere azpimarratzen du. "Zer dira, bestela, Arimen Gaua, Gabonetako kantariak –Olentzerorekin edo Olentzerorik gabe–, Santa eskea eta beste hainbat? Esan daiteke, beraz, neguko festetan badela behin eta berriz errepikatzen den festa egitura bat. Oso-oso lotuta dago urtaroarekin eta komunitatearen kohesioarekin zein elkar batzearekin. Komunitatea egituratzeko eta batzeko gaitasuna du koko-eskeak".

 

Argazkia: dantzan.eus

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak