Badatoz Aratusteak eta Elgetan koko-batzea eginda egin diete harrera asteburuan. Negua hibernatzen pasa duen hartza esnatu egin zen zapatuan, udaberria datorren seinale, eta, 60 bat lagun elkartu ziren bere inguruan festarako prest.
Goibeko euskara elkarteak deituta hasi ziren koko-batzea antolatzen duela hilabete batzuk. Eske-erronda bat da koko-batzea. Erritual bat da non kantua, zarata eta pertsona desitxuratuak diren protagonista. Eibarren 2008an berreskuratu zuten aspaldiko ohitura hau eta Elgetan ere, aurreko belaunaldietako herritarrek utzitako lekukotzek erakusten dute koko janzten zela jendea herrian, eta koko-batzea edo koko-eskea ere egiten zutela baserriz baserri.
Erantzun ona izan du lehen aldi honek eta jarraipena izango du datozen urtetan, itxura guztien arabera.