Euskararekiko konpromiso argia du, eta ingurukoak lagun ditu. "Hasieran ez nuen hemengo euskara ulertzen eta lehen urteetan lotsa ematen zidan jendearekin euskaraz hitz egiteak. Hala ere, aitaginarrebak beti hitz egiten zidan euskaraz eta, poliki-poliki, erosoago sentitzen hasi nintzen".
Berbalagun taldean ere bai
"Argi genuen alabari euskaraz hitz egin nahi geniola, eta orduan erabaki nuen falta zitzaidan pausoa ematea. Elgetako Berbalagun taldean eman nuen izena. Lagun artean sentitu nintzen eta hanka sartzeko beldurra kendu nuen. Elgetan bizi izateak asko lagundu dit euskalduna izateko. Uste dut gaur egun gehiago aritzen naizela euskaraz gazteleraz baino. Senarrarekin eta alabarekin beti egiten dut euskaraz. Lanean ere bai. Kalean zein familiako kide batzuekin erdaraz egiten dut, noizbehinka; batez ere, euskara ez dakitelako. Euskara niretzat erronka gogorra eta polita izan da. Gaur egun, nire hizkuntza ere bada eta familian argi daukagu maite eta zaindu egin behar dugula hurrengo belaunaldiek ere goza dezaten".
Euskaraldia
"Euskaraldia ekimen polita eta aberasgarria da. Euskaldunak elkartzen ditu, eta berdin dio euskaldun berria edo zaharra zaren eta hitz egiteko jariotasuna duzun edo ez. Euskaraldi bakoitzak gogorarazten dit ibilitako bideaz harro sentitu behar dudala eta oraindik ere asko egin dezakedala".