Aste barruan aurkeztu dute Elgetan martxoaren 26an egingo duten Ahuntzen lasterketa. Iaz lehenengo aldiz egindako mendi lasterketak zapore gozoa utzi zuen eta bigarrengorako prestaketa lanak aurreratuta daude. Ahuntzen lasterketa izango da 16 urtetik gorakoendako, eta hortik beherakoendako eta zaletasuna bultzatzeko antxumeen lasterketa izango da.
Ibilbidean ez da aldaketarik egingo. Gazteen proba lau kilometrokoa izango da, 200 metroko desnibel positiboarekin. Plazatik abiatu, Goikomendira igo, Larrabilburuko pistara jaitsi eta helmuga plazan.
Ahuntzen lasterketa, berriz, 15 kilometrokoa izango da. Plazatik abiatu, Goikomendi zapaldu, Aixolako presara jaitsi eta Erdellara eta Intxortara igo beharko dute lasterkariek berriz ere plazara itzultzeko. 900 metroko desnibel positiboko ibilbidea.
Ahuntzen lasterketako lehenengo edizioa egiteko herritarren babesa izan zuten antolatzaileek. Behin eta berriz eskertu dute. Bigarren ediziorako ere beste horrenbeste beharko dute.
Dortsalak azaroaren 1ean jarriko dituzte eskuragarri goizeko 10:00etatik aurrera herrikrosa.eus atarian.