Eskolako jangela zabaldu zela 20 urte betetzen dira gaur

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 30a, 08:30

Baserrietan bizi ziren familien eskaera izan zen hasieran, baina 29 jankiderekin abiatu zen eta ordutik hirukoiztu egin da erabiltzaile kopurua. Urteotan guztietan Ana Urzelai, Marga Castro eta Tere Deskarga arduratu dira umeei bazkaria emateaz.

Herrigunetik sei bat kilometrora dagoen baserri batean bizi da Ana Urzelai, eta bost bat kilometro daude Tere Deskarga bizi den baserrira. "Dezente familia bizi ginen orduan herrigunetik urruti, eta eskolan jangela zerbitzua zabaltzeko eskaera indarra hartzen joan zen", dio Deskargak.

"Galdeketa egin zen eskolako familien artean, eta, denon sorpresarako, herriguneko familia askok ere zerbitzua erabiliko zutela esan zuten", gaineratu du Ana Urzelaik. "Halako batean, zabaltzeko baimena heldu zen, eta kartelak agertu ziren herrian, langileak behar zirela jakinarazten. Izena ematea erabaki genuen. Irailaren 30a zen eta 29 jankide izan genituen lehen egunean", dio Marga Castrok. "Janaria, hasieratik, Auzolagunetik ekarri izan da, eta, gaur-gaurkoz, dozena bat menu berezi ematen ditugu: alergikoendakoa, intolerantzien- dakoa, txerrikirik gabekoa, menu begetarianoa, kobre gutxikoa... Gauzak asko aldatu dira".

76 jankide ditu gaur egun jangela zerbitzuak

Ordutik, handitzen joan da jankide kopurua. Irene Santamaria gaur egun jangelako arduraduna. Azaldu du ikasturte honetan altan emandako jankideak 76 direla, eta noizbehinkakoak hiru. "Badira urte batzuk bi txanda ditugula bazkaltzeko. Lehenengo, HHko eta LH-1eko ikasleek bazkaltzen dute, eta bigarren txandan LH-1etik LH-6rakoak". Zerbitzua sortzeak herriko familiek zuten premia bati erantzutea ekarri zuen, eta, gaur-gaurkoz, ezinbestekoa da.

Hamaika anekdota

Hogei urteotan Elgetako ume gehienak pasa dira eskolako jangelatik, eta hamaika dira anekdotak. "Gogoan dut jangelara etorri nahi ez eta hozkailu ondoan jarri eta negar eta negar egon zen neskatila bat. Egun hartan ez genuen lortu mahaian esertzea eta bazkaltzea", dio Urzelaik.

Semearekin ere anekdota polita du Deskargak: "Ardura handia zuen niri ama edo Tere deitu behar ote zidan. Esan zidan gainerakoek Tere esaten zidatela, eta hark nola esango zidan ama...".

Lan polita dutelakoan daude hiru emakumeak, baina ratioak estuegiak direla diote. "Gainerakoan, gure artean ondo konpontzen gara, eta horrek asko egiten du. Hogei urtean gu gaude, herrikoak gara, eta ikusten ditugu Elgetako umeak handitzen. Ez dakigu zenbat urte gehiago jarraituko dugun. Hasi ginenean ez genuen pentsatzen hogei urte beteko genituenik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak