Ana Urzelaik, Marga Castrok eta Tere Deskargak 20 urte egin dituzte umeei bazkaria ematen

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 30a, 08:30

Ana Urzelai, Marga Castro eta Tere Deskarga.

Hasiera ez zen erraza izan. Jangelarik ez zegoen ikastetxean eta psikomotrizitate gelan inprobisatu zuten espazioa. Gaur egun gela horretan dago kokatuta jangela. Makina bat anekdota dituzte kontatzeko hiru begiraleek.

Psikomotrizitate gelan kokatu zen jangela baina: "Ez zegoen ez aulki ez eserlekurik, eta aldameneko gelatik hartzen genituen egunero. Amaitutakoan, denak ondo garbitu eta berriro itzuli behar genituen bere lekura. Sukaldea ere erdipurdi zegoen. Iturria irekitzen zenuenean, harraskak gainezka egiten zuen, eta ontziak haurren komunean garbitzen genituen", azaltzen dute Urzelaik, Castrok eta Deskargak.

Lan baldintzei dagokienean ere ez zitzaizkien egiten zituzten ordu guztiak aitortzen. Bina orduko dedikazioa bakarrik aitortzen zieten, eta ez zuten orain moduan jangelako menurik bazkaltzeko eskubiderik.

Lan handia egindakoak

Zailtasunak zailtasun lan handia egiten dute eta Elgetako umeen haurtzaroan leku berezia dute zalantzarik gabe Urzelaik, Castrok eta Deskargak. Bazkaria emateaz gainera, 2 urteko umeak siestara eramaten dituzte, eta jolastokiko zaintza lanak ere egiten dituzte. "Inoiz-edo etorri izan dira ikasle ohiak bisitan. Ilusio handia egiten du".

Bereziki gogoan dituzte elur-egunetan zerbitzua emateko baserritik oinez etorritako egunak. Gertatu izan zaie, baita ere, lanera heldu baina janaririk ez iristea. "Batean, hotelean prestatutako makarroiak jan zituzten umeek". Uste dute, bestalde, oraingo umeek ez dutela lehengoek moduan jaten. "Saltxitxak eta pizzak eskatzen dituzte. Porru-patatak, esaterako, ez dituzte ikusi ere egin nahi".

Irribarrea ahoan kontatzen dituzte eguneroko gorabeherak. "Guk ez dugu zigortzen; umeak pentsatzera bidaltzen ditugu. Baina gaurko umeek segituan pentsatzen dute, eta hurrengo egunean berdin. Bezperan bizkorregi pentsatu zutela esaten diegu, eta beste pixka bat pentsatzeko. Horrela ibiltzen gara gu".

Gaurko urtemuga eskolako komunitate osoak ospatuko du. Urzelai, Castro eta Deskargarendako are bereziagoa izango da akaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak