Behien Infekzio-Errinotraketeisa (IBR) izeneko gaixotasuna da Gipuzkoako Foru Aldundiak aztergai izaten duen aldagaia ganadu ustialekuei zein ganadu buruei ferietan parte hartzeko baimenak ematerakoan. Aldundiaren esanetan, Elgetako azokan parte hartzea eskatu duten 25 ustialekuetatik 18 leudeke parte hartzeko moduan. Idien kasuan, 60tik 38k lukete baimena eta behien kasuan guztiek (70 buru).
Foru Aldunditik azaldu dutenez, gaitzari aurre egiteko plangintza sektore guztiarekin adostua da, "sektoreak hala eskatuta". Gaineratu dute, plangintza horren araberako irizpideak jarraituta hartu dituztela teknikariek baimenak emateko edo ez emateko erabakiak. "Baimena ez duten ustialekuek erakusketan parte hartuko balute, beste parte hartzaile guztien osasuna arriskuan jarriko lukete. Etxera itzultzean animaliak berrogeialdian jarri beharko lituzkete eta 21 egunetara jarraipen frogak egin, erakusketan kutsatu diren edo ez egiaztatzeko", azaldu dute. Gaitza zabaltzea ekiditeko, ustialeku bakoitzari kalifikazio bat ematen zaio lau kategoriatan banatuta. "Feria batean kategoria desberdinetako abereak nahasten badira, kutsadura gerta daiteke"
Aldundiko iturriek gaineratu dute, abereen osasuna eta IBR gaitzaren aurkako plangintza funtsezkoa dela animalien ongizaterako, zein sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko. Diote, "penaz" hartu dutela feria bertan behera uzteko erabakia. "Eskertzen dugu ganaduzaleek Elgetako azoka aurrera eramateko egindako esfortzua, urte luzez egin izan duten moduan, eta penaz hartzen dugu bertan behera uzteko erabakia".
Behien Infekzio-Errinotrakeitisa
IBR gaitza herpes motako birus batek eragindako gaixotasuna da eta abelgorriei erasotzen die; gaixotasuna pasa duten abereak ez dira inoiz sendatzen eta bizitza osoan zehar beste animaliak kutsatzeko gaitasuna dute. Gaixotasun honek, ugalketa aparatua, arnas aparatua eta nerbio sistemak erasotzen ditu eta ondorioz, ume galtzeak, ugalkortasun jaitsierak, arnas bide arazoak eta entzefalitisa sufritzen dituzte, besteak beste.