Ezohiko bilkura berean, 2021. urteko likidazioaren berri eman du Udal Gobernu Taldeak. Alkateak jakinarazi du Elgetako Udalak gastu orokorrerako 350.588 euroko gerakinarekin itxi duela iazko ekitaldia. "Diruzaintzako gerakina, guztira, 428.790 eurokoa da. Hortik saldo kobragaitzak izendatzen ditugunak –bi urtez baino gehiagoz kobratu gabe daudenak– 78.000 euro dira. Beraz, gastu orokorrerako gerakina 350.588 eurokoa da", azaldu du alkateak. Diru hori izango du Udalak lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioak egiteko.
Gerakin positiboaren tamaina ulertzeko diru-sarreren kapituluan izan den hazkundea azpimarratu du alkateak. Aurreikusi gabeko hazkundea izan da: %108koa, hain zuzen ere. "Hainbat faktorek eragin dute horretan. Zuzeneko zergetan –OHZ/IBIn eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergetan– %10 gehiago jaso dugu. Igoera dezentekoa izan da, baita ere, zeharkako zergetan. 2020tik 2021era sekulako igoera gertatu da egin den obra kopuruan. Kapitulu horretan, 30.000 euro jaso ditugu", azaldu du.
Lazkanok aurrekontuaren betetze maila ere azpimarratu du: "2021ean, %93,43koa izan da, eta bereziki handia izan da inbertsio errealetan: %98. Ia-ia %100ean bete da".
Bederatzi lanpostu lehiaketa
Enplegu publikoa egonkortzea eta lanpostuak finkatzea da, besteak beste, sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko Madrildik datorren 20/2021 legearen xedea. Hori horrela, plantilla organikoaren hasiera bateko aldaketa, Udaleko lanpostuen egonkortze plana eta 2022. urteko lan eskaintza publikoa onartu ditu udalbatzak martitzenean egindako ezohiko udal osoko bilkuran.
Hala, bederatzi lanpostu irtengo dira lehiaketa publikora. Lanpostu horiek dira kontabilitateko administraria, idazkaritzako administraria, liburutegiko arduraduna, ludotekako hezitzailea, kiroleko hezitzailea, hiru garbitzaile lanpostu eta brigadako peoia izateko lanpostu bat.