Iñigo Ansola: "Itsas energiak aprobetxatzeko teknologia bat dugu garatzeko"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 31a, 15:40

Energiaren Euskal Erakundearen zuzendariak dio, egungoez gain, teknologia berriak beharko ditugula trantsizio energetikorako. Epe motzean, garestitzeari aurre egiteko neurriak albait bizkorren hartu beharra nabarmentzen du.

Elgetan izan zen Ansola eguaztenean, bertako EAJk gonbidatuta, hitzaldia ematen. "Errusiak Ukraina inbaditu izanak" eragindako "krisi energetiko gogorra" izan zuen hizpide –"krisi humanitarioa" ahaztu gabe–: "Oso dependentzia handia dugu Euskal Herrian: energia kontsumo handia dugu, eta menpekotasun itzela, kanpotik datozkigun askotariko energia iturriekiko".

Egoera hori izanda, zer egin dezakegu aurre egiteko?

Larrialdi klimatikoan gaudela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak 2019an. Erregai fosilekiko menpekotasun itzela dugu, eta argi duguna da, nahiz eta bide malkartsua izan eta sekulako lana aurretik eduki, gure mix energetikoak, teknologia desberdinek osatzen duten pastel horrek, energia berriztagarrietarantz jo behar duela. Eta hor, hasi erakunde publikoetatik, segi pribatuekin, eta norbanakoetaraino iritsi arte, denok dugu zeregin handi bat. Denon artean gero eta energiaren erabilera jasangarriago bat izango dugula pentsatzen dut, gero eta eraginkorragoak izango garela, eta erabiliko dugun energiak gero eta garbiagoa beharko luke.

Baditugu jauzi hori egiteko behar diren baliabideak –teknologikoak eta abar–?

Berriztagarrien arloan asko da garatu dena; hemen, Euskal Herrian, zalantzarik gabe. Bai Euskadin eta bai Nafarroan industria kate oso garrantzitsua dugu sektore eolikoan, aerosorgailuen sektorean. Sektore fotoboltaikoarena ere oso landuta eta oso garatuta dagoen teknologia bat da. Baina, zure galderari erantzunez, iturri horiek oso garrantzitsuak dira, baina, zalantzarik gabe, etorkizunera begira teknologia berriak garatzen joan behar dugu. Euskal Herrian, itsas energiak aprobetxatzeko teknologia bat garatzeko dago; pauso asko eman dira, baina uste dugu, oraindik ere, hortik ere energia asko etor dakigukeela, eta zeregin handia daukagula.

Horrelako krisi bat iritsi zaigu orain eta, larregi itxaron dugu gai honetan beste martxa bat sartzeko?

Aspalditik gentozen esaten menpekotasun energetiko itzela dugula, eta, ez bakarrik berriztagarrietan, beste iturri batzuetan ere aztertu beharra genuela. Zeren hain dependentzia handia edukita eta, gainera, oso urruti dauden eta egoera politiko nahiko kaskarra duten herrialdeekiko –ikusten ari gara, gaur egun, Aljeria edo Errusia, ezta?– , bagenekien ezegonkortasuna sortu zezakeela; eta orain zurrunbilo baten barruan sartuta gaude, ez euskaldunok bakarrik, europar denok baino.

Kontua izango da aipatutako aldaketa egin bitartean martxan jarraitu behar dela, eta hor ere egon daiteke zailtasuna.

Bai, hori da. Eta menpekotasun energetiko hori izatearekin batera, oraingo eztabaida da nola lor genezaken otsailaren 24an inbasioa hasi zenetik –esango nukeen arren aurretik ere bazetorrela garestitze gogorra– eztanda egin duen garestitzeari aurre egitea, emergentziazko ze neurri har ditzakegun argindarraren eta gasaren prezioak jaisteko, eta baita petrolioarena ere, zeren ikusi besterik ez dago gure garraio sisteman nolako eragina izaten ari den. Hartu behar diren neurriak albait bizkorren hartu behar dira, gure ekonomia sistemak aurrera egin ahal izateko.

Neurri batzuk hartu dira; Espainiako Gobernuak negoziazio batzuk egin ditu Europan. Nola baloratzen dituzue?

Ikusi behar da argindarrarengan eragina izango duten ze neurri proposatuko dituzten, oraindik ez baitituzte proposatu. Sistema hain da konplexua, fitxa bat mugitzen denean, beste asko mugitzen dira.

Prezioa gorabehera, gas hornikuntza –eta argindarra sortzeko ere erabiltzen da gasa– ziurtatuta dago?

Ez genuke arazorik izan beharko. Euskadin kontsumitzen duguna baino gas gehiago iristen zaigu Bahia Bizkaia Gasera. Itsasontziz ekartzen dute gas natural likidotua, eta gas egoerara bueltatu eta sarean sartzen da han; esportatzen ere ari gara. Beraz, Errusiaz gain gasa ekoizten duten beste leku batzuk dauden, likidotzeko gaitasuna duten eta, oso garrantzitsua, guk hori ordaintzeko adina diru dugun bitartean, ez da gas hornidurarekin arazorik izango –eta, ondorioz, ezta argindarra sortzeko ere; ziklo konbinatuko hiru azpiegitura ditugu–. Baina, esandakoa, kostako zaigunaren araberakoa izango da guztia. Beste alde batetik, Aljeriatik hodi bidez datorren gasa dugu, merkeagoa dena; ikusi beharko da nola amaitzen den Sanchez presidenteak Marokorekiko akordioarekin sortu duen nahaspila; ikuspegi energetikotik, justu une honetan mugimendu hori, ez da ulertzen. Aljeriako gasa kolokan jartzen duzu gasa hain garesti dagoen garaiotan?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak