Pediatria zerbitzurik ez dutenez, sinadura bilketa egin dute Elgetan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 19a, 15:18

Elgetan, 157 sinadura batu dituzte zenbait gurasok, herrian pediatria zerbitzurik ez dutelako. Horregatik, Bergarako osasun etxera jaitsi behar dira kontsulta behar izanez gero, baina, ez dutela beti pediatra berdina izaten adierazi dute.

Pediatraren bisita, astean behin bada ere, Elgetan izatea ezinbestekoa ikusten dute sinadura-bilketa egin duten guraso taldeko kideek, eta horretarako erreklamazio formala egin dute. "Egoera da Elgetan ez dagoela pediatrarik. Lehen, astean behin etortzen zen berrikuspenetara edo urgentziazko zitetara, eguenetan, baina, joan egin da. Ordutik, ez dago ordezkapenik", adierazi du Aitor Gantxegi gurasoak.

Jarraipena egitea ezinezkoa

Horren ondorioz, elgetarrak Bergarako osasun etxera jaitsi behar dira pediatria zerbitzua jasotzeko, eta, ez dute beti pediatra berdina, gainera. "Txandakatze sistema edo zerbait dago Bergaran, Osakidetzak ez diguna argitu. Kontua da joaten garen bakoitzean pertsona ezberdin bat dagoela, eta horrek zaildu egiten du gure umeen gaixotasunen jarraipena, haurrak ezagutzea… beti hutsetik hasten garen sentsazioa dugu".

Momentuz ez dute erantzunik jaso, baina, erreklamazioa jarrita, konponbidearen zain daudela adierazi dute sinadura-bilketa egin duten guraso taldeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak