Mendi lasterketa izango da Elgetan martxoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko aza. 19a, 10:55

Intxortako Ahuntzak taldeko kideek antolatu dute. Martxoaren 27rako iragarri dute eta honezkero 143 lagunek eskatu dute dortsala helduen probarako. Zaletasuna bultzatzeko helburuarekin 12-16 urte arteko gazteendako lasterketa ere egongo da.

"Elgetarako egun handia izatea espero dugu", adierazi du Intxortako Ahuntzak taldeko Eleder Lozanok. Orain dela bi urte sortu zen Intxortako Ahuntzak taldea, eta hasieratik azaldu zuten Elgetan mendi lasterketa bat antolatzeko asmoa. Badator. Martxoaren 27rako iragarri dute, eta, helduendako proba ez ezik, 12-16 urte arteko gazteendako ere proposatu dute. "Helduen lasterketa 10:00etan abiatuko da. Hamabost kilometroko ibilbidea izango du, 900 metroko desnibelarekin", zehaztu du Lozanok. "Plazatik abiatu, Goikomendi zapaldu eta Aixolako presara jaitsi beharko da, ondoren Erdellara igo –Flotamet saria gizonetan zein emakumeetan– eta Intxorta zapaldu ostean plazara itzuli".

Gazteen probak, aldiz, lau kilometro izango ditu, eta 200 metroko desnibela. "10:30ean abiatuko da, plazatik, eta Goikomendira igo ostean lasterkariek Larrabilburuko pistara jaitsi beharko dute, eta atzera ere plazara itzuli". Nagusien lasterketa Ahuntzen lasterketa izango da eta gazteena, Antxumeen lasterketa. "Hasieratik izan dugu argi helduen lasterketak hamabost kilometro izango zituela, eta Intxorta moduko tontor enblematiko batek bai ala bai egon behar zuela ibilbidean".

Oihana Kortazar ere lasterketan

Proba nagusirako 200 dortsal egongo dira. "Baldintza egokietan egin nahi dugu lasterketa, eta muga hori jarri dugu lehen urterako", azaldu dute antolatzaileek. Izen-ematea zabalik da dagoeneko herrikrosa.eus atarian, eta lehen astean 90 izen-emate izan dira.

Horien artean da 1 zenbakidun dortsalarekin parte hartuko duen Oihana Kortazar mendi laster- kari elgetarra. Bera da karteleko irudia, eta gogotsu azaldu da lehiarako. "Egia bihurtuko den amets bat; Elgetan, nire herrian, mendi lasterketa antolatu dute! Zenbat ordu pasa ditudan mendi hauetan! Nik bezala gozatuko duzuelakoan, bertan ikusiko dugu elkar!", adierazi du sare sozialen bidez Kortazarrek.

Gazteendako pizgarri

Antolatzaileek garrantzi berezia ematen diote 12 eta 16 urte arteko neska-mutikoendako lasterketari, neurri handi batean, mendi lasterketarako zaletasuna ere piztu nahi dutelako. "Adin tarte horretan hutsune handia dago. Asko dira mendi lasterketetan parte hartu nahi duten gazteak, eta adinagatik ezin dute. Nahiko genuke informazioa heltzea inguruko herrietako institutuetara ere. Ea denon artean lortzen dugun!", esan du Lozanok.

Auzolanean

Eguna jarrita dago, ibilbidea erabakita... Hurrengo erronka handia lasterketaren antolaketa izango da. "Elgetak aukera paregabeak eskaintzen ditu halakoak egiteko. Laguntzaile asko beharko ditugu; boluntarioak bidezidorrak garbitzeko, bideak markatzeko, kanpotik helduko diren autoak bideratzeko, dortsalak banatzeko, irten aurretik lasterkariak antolatzeko, ibilbideetako bidegurutzeetan egoteko, anoa puntuetan egoteko, plazako mokadutxoa, dutxak... Baina hori ez da oztopo izango Elgeta moduko herri batean. Badago gaitasuna lasterketa hau auzolanean antolatzeko. Elgetan gauza handiak egin daitezke", esan du Lozanok.

Babesleen parte hartzea eskertu du, eta jendea animatu du lasterka egitera. "Edozein kirolarik egiteko moduko lasterketa da. Gainera, martxoaren 27ra bitartean nahiko denbora dago hankak eta bihotza ondo prestatzeko. Animatzen ditut halako lasterketetan parte hartu ez dutenak, eta, batez ere, gazteak. Adin polita da mendi lasterketak ezagutzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak