Aitortza jaso du jaioterrian Lorenzo Askasibar eskultore elgetarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko eka. 10a, 15:31

Lorenzo Askasibarren ibilbidea jasotzen duen liburuaren aurkezpena omenaldi ekitaldi bilakatu zuten, atzo, herrikideek. Senitartekoen, Udalaren eta jaioterriko lagunen aitortza jaso zuten eskultoreak eta haren emazte Kontxi Albenizek.

Elgetan ere aurkeztu dute Jalotzako seme Lorenzo Askasibarren ibilbide artistikoa jasotzen duen liburua. 80 bat herrikide bertaratu ziren Espaloian egindako ekitaldira. Tartean ziren, besteak beste, Jalotza etxeko Askasibar sendi ia osoa, Iraitz Lazkano alkatea, Patxi Basauri eta Oxel Erostarbe alkate ohiak zein Elgetako parroko Juan Cruz Juaristi. Nola ez, baita ere, Askasibarren askotariko ezagunak eta herrikideak.

Kontxi Albeniz emaztea uneoro aldamenean zuela entzun zituen Askasibarrek Manolo Cainzosek egindako hitzartzea zein liburuaren egile Miguel Angel Elkoroberezibarrek bere ibilbide artistikoaren inguruan egindako laburpena.

Presentzia berezia izan zuen, gainera ekitaldian, Askasibarrek gaztaroan egindako Nazaretarra edo Kristo Penitentea-k. Parrokian gordetzen dute elgetarrek eta antzokiko ekitaldian ikusgai egoteko gertatu zuten, atzokoan. 

Senideen, Udalaren eta herritarren aitortza

Liburuaren aurkezpen ekitaldia baliatu zuten elgetarrek Askasibarri aitortza egiteko. Senitartekoen izenean hitz sentituak eskaini zizkion Jose Mari Beristainek. Udalaren izenean, berriz, plaka bat jaso zuen artistak Iraitz Lazkano alkatearen eskutik. 

Sentitua izan zen, baita ere, Askasibarren emazte Kontxi Albenizendako guztiek izandako hitzak. Artistaren ibilbidean zutabe garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe.

Detaile hunkigarria izan zuen, baita ere, arte ederretako ikasle den Izar Han Xue Irazabal Gillegi elgetar gazteak. Eskuz egindako erretratua egin zion opari Askasibarri.

Pozik jaso zuen hainbeste begirune eskultore elgetarrak omenaldiak ustekabean harrapatu zuela aitortu bazuen ere. 

Bi urtez liburua lantzen

Elkoroberezibarrek bi urte eman ditu Askasibarren ibilbide artistikoa jasotzen duen liburua gertatzen. Informazio bilketa fasean makina bat joan-etorri egin ditu Elgetara, eta atzoko ekitaldian argazki eta pasarte ugari ekarri zituen gogora.

Liburuak harrera ona izan du eskultorearen jaioterrian ere. Makina bat liburu sinatu zituzten ekitaldi amaieran bai Askasibarrek berak bai Elkoroberezibarrek. Argitalpen horri esker Askasibarren ibilbidea hobeto ezagutzeko aukera izango dute herrikideek.

Zentzu bereko balorazioa egiten du Iraitz Lazkano alkateak. "Liburuak balioko du benetan ezagutzeko Lorenzo Askasibarrek artearen historian egindako ekarpena", esan zuen. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak