Arekak egiteko eta zorua hobetzeko lanak Elgeta eta Kanpanzar arteko errepidean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 19a, 09:15

Langileak lanean dira eta txandakako zirkulazioa arautzeko semaforoa dago martxan Elgeta eta Kanpanzar arteko GI-2639 errepide zatian. 296.750 euroko aurrekontua dute lanek, eta uztailera arte iraun dezaketela esan du Foru Aldundiak.

Kanpanzarko bidegurutzean du zero kilometroa GI-2639 errepideak, eta bidegurutze horretatik oso gertu ari dira lanean, asteotan, beharginak. Txandakako zirkulazioa arautzen duen semaforoa dago ipinita. Lanek irauten duten bitartean jarraituko du bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuarena da GI-2639 errepidearen ardura, eta 296.750 euroko aurrekontua duten lanak abiarazi ditu. Lanen zati bat Kanpanzar eta Elgeta arteko errepide zatian egingo dute eta beste zati bat, Elgeta eta Karabieta arteko trazatuan. "Hasierako kilometro erdi pasatxoan 0,6 metroko zabalera duten hormigoizko arekak egingo dira, eta, horrekin batera, euri-urak ebakuatzeko lau kutxatila berri jarriko dira", azaldu dute Prentsa Departamentutik. Horretan dihardute egunotan.

Gainerako lanek errepidearen zoruarekin dute zerikusia. Zuloak zein hondoratutako eremuak dauden lekuetan berdintze lanak egiten ari dira. Aurreko asteotan aritu da zeregin horretan beste lantalde bat, eta gaur ekin diote berriz. Trazatu osoko zoruan konponketa lanak egin ostean azalera guztian bi geruza mikroaglomeratu zabalduko dituztela gaineratu dute, "zoruaren gainazala berdintzeko". Horrekin batera, seinale horizontalak berritu egingo dituzte premia dagoen lekuetan.

Elgeta eta Karabieta arteko trazatuan ere aurreikusita dago konponketak lanak egitea. Errodadura- geruza konponduko dute premia dagoen lekuetan, eta nahasketa bituminoso beroarekin estaliko dituzte zuloak. Han ere bi geruza mikro-aglomeratu zabalduko dituzte zorua berdintzeko, eta seinale horizontal berriak jarriko dituzte premia dagoen lekuetan. Lanok maiatzean izan dute hasiera, eta Bide Azpiegituretako Departamentutik jakinarazi dute uztailera arte iraun dezaketela.

Bigarren mailako errepidea

Elgetara heltzen diren beste errepide batzuekin alderatuta estua eta bihurgune handikoa da GI-2639 errepidea, baina oso erabilia Elgeta eta Arrasate arteko bidea egiteko. Tamalez, negu honetan ere albiste izan da; izan ere, makina bat arazo izan da bertan. Denboraleak tarteko, errepidea itxita egon da hainbat egunez. Urrian, haizeak botatako zuhaitzengatik egon zen itxita. Abenduan ere bai. Urtarril hasieran, berriz, elurrak eta izotzak eragin zuten zirkulazioa ixtea. Nabaria izan zen inguruko auzuneetako bizilagunendako zein errepide horretan atzera eta aurrera ibiltzen diren askotariko erabiltzaileendako.

Hain zuzen ere, oso aspaldikoa da Elgeta eta Arrasate lotzen dituen bidea. XVI. mende amaierako erreferentziak daude hainbat dokumentutan. Errege bideak lotzen zituen bi udalerriak orain bost mende. Ibilgailuendako egokitzapen lanak, ordea, ez dira hain aspaldikoak. 1972an egin ziren. Ordurako eginda zeuden Bergara eta Elorriorako errepideak (1833) zein Elgeta eta Eibar artekoa (1935). Bergarakoa da gaur egun zabalena, seguruena eta erosoena.

Erabiltzaileen eskaerak

Semaforoan egon beharra luze egiten bada ere, pozik hartu dituzte konponketa lanak erabiltzaile gehienek. Egokitzapen gehiago ere eskatzen dituzte, ordea. Bidea zabaltzea, Kanpanzarren biribilgunea egitea eta kamioien joan-etorria mugatzea daude egindako proposamenen artean. "Errepide estua da eta zuloz beteta dago", azaldu du urte osoan zehar astean hiru bat aldiz GI-2639 errepidea erabiltzen duen kamioilari batek. "Zabaltzea eskatuko nuke. Bi kamioi larri-larri ibiltzen gara gurutzatzeko. Neurrien arabera, bi auto ere justu ibiltzen dira eremu askotan".

Bergaratik buelta osoa ematea saihesten duelako erabiltzen dute Kanpanzarko errepidea elgetar askok. "Gehienetan, Kanpanzartik ibiltzen naiz", baieztatzen du beste erabiltzaile batek. "Esango nuke elgetar gehienak hortik ibiltzen garela. Apur bat gehiago zabalduko nuke, eta kamioi handien joan-etorria mugatu egingo nuke. Ulertuta daukat hiru ardatzeko kamioiak ezin direla errepide horretan ibili, baina ibiltzen dira, eta, horrelako munstro batekin topo egiten baduzu, larri ibiltzen zara. Bai ala bai bietako batek gelditu egin behar du. Hainbat lekutan susto ederrak hartuta nago".

Erabiltzaileek ohartarazten dute edozein unetan ager daitezkeela animaliak errepide horretan. "Ateratzen dira orkatzak, basurdeak... Elorriorako errepidean ere gerta daiteke, baina argitasun handiagoa dago Bizkai aldera. Kanpanzarren susto ederrak izan dira, eta istripuak ere bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak