Hamaika positibo eta 972,59ko intzidentzia-tasa erregistratu ditu Elgetak. Bilakaera azkarra izan da; izan ere, ia hiru hilabete ziren batere positiborik atzematen ez zela herrian. Hain zuzen ere, egunotako agerraldiaren aurretik, urtarrilaren 27an komunikatu zuen Osasun Sailak azken kasu positiboa, eta horren aurretik bi atzeman ziren abenduaren 29an eta beste bat bi egun lehenago, abenduaren 27an.
Agerraldi garrantzitsua da; izan ere, pandemia hasi zenetik ez da Elgetan horrelako kasu kopuru metaturik izan. 2020ko azaroa izan zen hilabeterik txarrena, eta hamabost kasu izan ziren, baina 28 eguneko epean. Abenduan, berriz, hamabi positibo erregistratu ziren eta urrian, hamar. Birsorkuntza-tasa, gaur, 3,67 da.
Gaur emango diogu amaiera apirilari, eta gaur argitaratu dira atzo egindako proben emaitzak. Ez atzo, ez gaur ez da positibo berririk atzeman, baina apirilean hamaika kasu erregistratu dira. Hilaren 22an, eguena, hiru positibo baieztatu ziren, 23an bat eta 24an beste hiru. Hilaren 28an, berriz, lau kasu berri kontabilizatu ziren.
Kasu horietako batzuk eskola adinean diren neska-mutikoen artean atzeman dira. Hain zuzen ere, Osasun Sailak baheketa egin du LH-2ko gelan, eta ikasle horiek etxean daude, gutxienez, maiatzaren 2ra arte. Lau positibo erregistratu dira.
Elkar zaintzen jarraitzeko mezua igorri dute Udaletik. "Herenegun eta atzo egindako probetan ez da kasu positiborik atzeman. Berri ona izan arren, elkar zaintzea ezinbestekoa da".
Itxiera perimetrala
Datu bilakaera horrekin, martitzena ezkero itxiera perimetralean da Elgeta; astelehenean berraztertuko du egoera Osasun Sailak.
Bost mila biztanletik beherako herrien kasuan, hiru baldintza betetzen direnean ezartzen da itxiera perimetrala. Uneotan, hirurak betetzen ditu Elgetak:
- Intzidentzia-tasa metatua 400dik gorakoa da –972,59–.
- Dagokion osasun eremuan intzidentzia-tasa 400dik gorakoa da: ESI Debagoienan 830,65 da.
- Azken zazpi egunetan lau kasu positibotik gora egon dira –zortzi izan dira–.
Eremu gorrian egoteak murrizketak ekarri ditu. Taberna barruak, esaterako, itxita daude, ez bada 06:30-09:30 eta 13:00- 16:30 tarteetan.
"Jende gutxiago ibili da, baina ez nuke soilik pandemiarekin lotuko. Hil amaieran beti ibiltzen da jende gutxiago, eta eguraldiak ez du lagundu", azaldu du El Rincon de Lola tabernako Maria Cobosek.
"Menuekin betiko moduan dihardugu, baina, gainerakoan, asko jaitsi da. Eguraldiak ere ez du lagundu", esan du Bolatokiko Mari Carmen Salasek. "Aste honetan galerak handiagoak izan dira irabaziak baino".